Aste Santurarteko programazioa aurkeztu dute

Anboto 2008ko urt. 11a, 10:56

Txiki txartela deitu dutena jarriko dute, batetik eta bestetik Ikusiak ikusi.

Urte berria egitasmo berritzaileekin abiatuko dutela aurreratu digute asteon, San Agustin Kultur Gunean, Arrazola programatzaile eta Balier zinegotziak. Txiki txartela deitu dutena jarriko dute, batetik –3 eta 12 urteko umeendako sortu duten bazkidetzarako aukera: urteko 5 euroren truke ikuskizunetan %25eko deskontua eta beste hainbat aukera eskainiko dizkiena–, eta bestetik Ikusiak ikusi –San Agustinen programatutako ikuskizunetatik ateratzerakoan ikusleek euren iritzia eman ahal izateko buzoia, bertan 1etik 10erako puntuazioa zehaztu ahal izango duelarik ikusleak–. Bi dira ekimen berriokin lortu asmo dituzten helburuak, Arantza Arrazola arduradunak azaldu duenez; hileko hirugarren domekaro umeei espreski zuzenduriko ikuskizunetara gerturatzen den “ikuslego fidelari” abantailak eskaintzea da eta San Agustingo ikuslegoaren programazioari buruzko iritziak jasotzea, horrela euren gustua hobeto asetzen saiatzeko helburu garbiarekin.


Komedia hautatu dute aurten San Agustingo urtea estreinatzeko: Oscar Terol aktore ezaguna protagonistatzat duen Ados Teatro taldearen El jefe de todo esto, hain zuzen ere. Lars Von Trier zuzendariaren filmean oinarritutako lan honetan, aktorearena egingo du hain justu Terol aktoreak, baina kasu honetan, enpresa bateko buruzagia izango da. Urteari ekiteko barrea, eta datozen hiru hilabeteetan sakonduko ditugun berrikuntzak ere bai San Agustinen.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!