25 urtez kantari aritu izana ospatzeko dute

Anboto 2007ko aza. 29a, 17:19
Doinu Zahar Abesbatza ospakizun berezietan dabil aurten. 25 urte abesbatza moduan aritu izanak hainbeste meritu badu, izan ere.
Doinu Zahar Abesbatza ospakizun berezietan dabil aurten. 25 urte abesbatza moduan aritu izanak hainbeste meritu badu, izan ere. Hain zuzen, 25 urte betetzen dituen urte amaierarako utzi dute, abenduaren 1erako, urteurrena dela-eta Durangon egiteko emanaldia. Azaldu digutenez, “mimo” bereziagaz prestatu dituzte zapatuan Santa Anan kantatuko dituzten kantak. 20:15ean izango da Doinu Zahar Abesbatzak mende laurden bete izanagatiko kantaldi berezia. Kantak beren beregi aukeratu ditue, eta Abesbatzaren hainbat lagunen kolaborazioa ere izango dute.

Josu Goiri eta Valentin Atxutegik egin digute 16 laguneko Abesbatzaren izenean berba, eta aipatu, joan den asteburuan, Durangoko Orfeoiaren 125 urteen ospakizunetan parte hartu zutela. 100 urte gutxiagorekin, baina Doinu Zahar Abesbatzak ere urtemuga berezia izango duela ziurtatu digute partaide biek, eta gogotsu daudela zapaturako. Zapatuan, esandako moduan, lagun eta kantarien kolaborazioa izango dute, eta inoiz Abesbatzako parte izan diren ahots guztiak batuko dituzte. Guztiak ez, baina abenduaren 1ean, Santa Anan egon daitezkeen guztiek kantatuko dute. 25 urteotan, lana edo bestelako arrazoiak direla-eta, Abesbatza utzi behar izan duten taldekideak batuko zaizkie gaurko 15 kantariei, eta 40 ahots izango dira abenduaren 1eko ospakizunean.

Mende laurden
25 urteko ibilbidean, eta oraindik ibiltzeko eta kantatzeko duten gainerakoan, lagunartean aritu direla nabarmendu digute Doinu Zahar Abesbatzekoek. Izan ere, esan digutenez, bakoitzak bere lan eta betebeharrak, edo bere familia dituenez gero, asteburuetan egin behar izaten dituzte entseguak. Lehiaketaren batera aurkeztu direnean ere, familiak eurekin eraman dituzte. Duela 25 urte, 18 urteko gazteak zirenak, gaur egun seme-alabak dituzten gizon eta emakumeak dira, eta Doinu Zaharren parte izaten jarraitzen dutenez, zelanbait moldatu behar izan dute, jarraitu ahal izateko.

1982an taldea osatu zutenetik, bistan da, eta Balentinek berak nabarmendu du, Abesbatza aldatu egin dela. Berdin segitzen duena, berriz, eta esan digutenez, jarraitzeko indarra ematen diena, kantatzeko duten gogoa da, zailtasunak zailtasun, Doinu Zahar Abesbatza izaten jarraitzeko.
Urte guztiotan, Abesbatzan ipinitako gogo eta indar horrek bere ondorio eta onurak ekarri izan dizkie. Estatuko Abesbatzarik onenen arteko lehiaketetan, hainbat sari irabazi izan dituzte. Atzerrian kantatzeko aukera ere izan dute. Bereziki gogoan dituzte Italiako eta Argentinako ibilerak.

25. urteurrena ospatzeko abenduko emanaldia ez da Doinu Zahar Abesbatzaren agurra izango. Argi utzi dute taldean jarraitzeko indarra eta gogoa sobera dutela. Azkena ez, baina berezia bai izango da abenduaren 1ekoa, 40tik gora abeslari batuko direlako, eta Doinu Zaharren 25 urtemuga ospatuko dutelako.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!