"Betidanik erakarri izan nau Ekialdeko musika eta literaturak"

Anboto 2007ko aza. 29a, 16:59
Bosgarren diskoa aurkeztera etorri da Murugarren, azoka bezperako asteburuan, Plateruenera.
Bosgarren diskoa aurkeztera etorri da Murugarren, azoka bezperako asteburuan, Plateruenera.

Disko berria, Marginalia izenekoa, zirkuko artisten estetikarekin hornitu duzu?
Bai. Azaleko irudia bera ere bizitzaren izaerari dagokio. Dena nahasian etortzen zaigu bizitza honetan: alai gaudenean ere, ez gaude erabat alai, eta triste gaudenean ere, ez gaude erabat triste. Bizitza bera da nahikoa komiko-tragikoa, eta hori oso garbi ikusten da zirku pobre horietan. Zuk ikuskizun serio bat eman nahi duzu, baina barregarri puntu bat ere badaukazula ezin ukatu.

Zirkuko pertsonaiak, beraz.
Bai. Bigarren dibisioko zirku kaxkar bat. Pertsonaia horiexek dira gure Marginalia pertsonalean gordetzen ditugunak. Jendeari aurpegi bat erakusten diogun arren, gure barrruan badira beste hainbat pertsonaia: tristeagoak, edo erromantikoegiak, etab. Ezkutuan izaten diren beste gu horiek ekarri nahi izan ditugu.

Aurreko diskoetako lantalde berarekin dakarzkiguzu.
Bai. Bigarren diskotik aurrera osatu nuen banda da, nirekin hiru-lau disko grabatu dituena. Natxo Beltran baterian, Ekaitz Hernandez baxujolea, Mikel Ramirez gitarra jolea –Sasoi Ilunaken nirekin aritu zena-, eta Rafa Acebes pianojole handia. Laguntzaileak Asier Ituarte eta Rafa Rueda nire betiko lagunak izan dira.

Diskoa ezberdina da baina.
Bai, tratamendua guztiz bestelakoa da. Oraingo honetan, aurreko diskoetako elementu sintetiko guztiak kendu, eta elementu naturalekin bakarrik geratu naiz: egur eta burdinarekin. Horretantxe datza ezberdintasunik handiena. Tematikan eta giro dekadente horretan, bestalde, oso antzekoak dira aurreko diskoa eta hau.

Iazko udan, Errumanian izan zinen. Zer du diskoak handik ekarritakoa?
Ekialdeko musika eta kulturarekin daukadan atxikimendua. Oso erakargarri egiten zait, adibidez, ezkontza eta ehorzketetan, musika bandek ia-ia errepertorio berdina erabiltzea. Sakontasun komiko-tragikoa oso modu naturalean daramate han. Betidanik erakarri izan nau hango musikak eta literaturak.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!