Agur esateko jaia prestatu dabe azaroaren 24rako

Anboto 2007ko aza. 22a, 14:02
Ene Bada taldearen agurra izango da antzokiko jai handia

Ene Bada taldea sortu zenetik 10 urte badirenean, eta Euskal Herri eta munduko plazetan kontzertu andana eskeini ostean, taldea uztea erabaki dute taldekideek.



Azaldu digutenez, beste alor batzuk jorratzeko asmoagaz utziko dute erromeria giroa. “Asteburu batzuk libre hartu, eta oporretan joan”, horixe dute Ene Badakoek helburu orain, “eta gero bakoitzak bere bidea egingo du. Seguruenik, musika munduagaz lotuta segituko dugu taldekideok”, aitortu digute.

Taldeko abeslaria eta trikitilaria duela 20 bat urte hasi ziren trikitia jotzen. 16 bat urte dira elkarregaz jotzen hasi zirenetik ere. Alemania, Suitza, AEB, Bretaña, Holanda eta Estatuko hainbat lekutan zabaldu dituzte euren “trikiti rokanrolizatuko” doinuak denbora honetan. Sarrera dohakoa eta festa dudarik bakoa izango dela Platerueneko azaroaren 24ko despedidan esan digute Ene Badako taldekideek, eta “juergista” guztiak gonbidatu dituzte prestatu duten jaira.


Taldekide ohi guztiak, Ene Bada taldean inoiz jo izan duten guztiak izango dira Durangoko agurrean, bat izan ezik. Aitortxu, Betagarrigaz gitarrajole dabilena. Ordena kronologikoan igoko dira Platerueneko oholtzara Ene Bada taldean izan diren guztiak, eta irudi-ikuskizun bat eta beste sorpresa batzuk ere egongo direla aurreratu digute.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!