Umorea gaitzat abenduaren 5etik 9rako Durangoko azokan

Anboto 2007ko aza. 22a, 13:25
Aurtengo azokako nobedade eta berezitasunak aurkeztu dituzte eguaztenean. Besteak beste, eta zenbakietan esanda: 317 stand, 161 parte-hartzaile, eta 554 nobedade izango dira azokan, baina zenbakiak baino gehiago da azoka.

Eusko Jaurlaritza eta Bizkaiko Aldundiko kultura arduradunak, BBK eta Eroskiko ordezkariak, eta Nerea Mujika Gerediagako presidente eta Jon Irazabal azokako zuzendariak aurkeztu dute Durangoko 42. azoka, abenduaren 5etik 9ra bitartean, Durango kultur ekitaldiz beteko duena. Aurtengo azokako nobedade eta berezitasunak aurkeztu dituzte eguaztenean. Besteak beste, eta zenbakietan esanda: 317 stand, 161 parte-hartzaile, eta 554 nobedade izango dira azokan, baina zenbakiak baino gehiago da azoka.





Argizaiola iparraldera

Euskara eta euskal kulturaren alde egindako lana goraipatzeko argizaiola omen-saria Maiatz Elkarteari eskainiko dio Gerediagak. Iparraldeko idazle berriak biltzen eta laguntzen egin duen lana goraipatu gura dute, azokako sari horixe eskainiz. 1992. urtetik, azokan urtero banatzen duten saria lehenengoz jasoko du, aurten, iparraldeko elkarte batek, hain zuzen, eta arrazoitzen duenez, “iparraldeko literatura bizi dela eta ekarpen sakonak egiten dituela” erakutsi dutelako, urtean birritan aldizkaria argitaratuz, eta 60 literatur lan argitaratu dituelako. Urteetan egindako lanari saria emango diote abenduaren 8an, San Agustin Kulturgunean egingo dute ekitaldian.

Umorea gaitzat hartuta

Andoni Agirregomezkorta euskal telebistako aurkezleak egingo du 42. azokako sarrera hitzaldia. Beharbada, aukeraketa horrek argi dezake azokaren leitmotiv edo hari nagusia zein izango den aurten. Giro atsegina eta umorea zabaltzea, hain zuzen. Horretarako, abenduaren 5etik 9ra bitarteko egunetan, hainbat ekitaldi izango dira giro hori sortzeko antolatuak: Fredi, Xabier eta Itsaso Paia neba-arrebek eta Unai Elorriagak egindako bertso-musikatuen ikuskizuna, “Laster Master: inkomunikazio ikastaro azkarra”, “Hemen Jaungoikoari ere barre” Pello Zabala eta Imanol Lazkano hartuko dituen mahaingurua, adibidez. Euskaraz eta kulturaz ari garenean, azaldu du Irabazal zuzendariak, seriotasuna gailentzen da gehiegitan, eta umoreak leku berezia izango du azokan.

Azokaren lagunak gogoan

Durangoko azokaren lagun eta laguntzaile izandakoak gogoan izango dituzte 42. Durangoko liburu eta disko azokan ere. Urte honetan hil diren hiru lagun omendu eta gogoan hartuko dituztela azaldu digute. Hiruren urteetako lana eta azokarekin izandako konpromisoa eskertzeko helburuagaz egingo dute. Gomuta ekitaldia egingo dute, beraz, abenduaren 7an, Elkartegian. Hala, omenaldia egingo diete urte honetan hildako Eva Forest idazle eta argitaratzaileari, eta baita Jesus Atxa Durangoko azokaren eta Xabier Solaegi Gerediagaren sortzaileei ere.
Olentzero bilutza izango da. Igotz Ziarreta meñakarrak osatutako kartela, irabazle suertatu dena.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!