Partidua erritmo ezin hobean hasi zuten durangarrek. 22. minuturako lau entsegu eginak zituzten eta oso ongi jokatzen ari ziren. Jokaldi ugari egin ahal izan zituzten eta oso ongi landutako jokaldiak gehientsuenak. Hala ere, orain artean bezala, kontzentrazio falta nabaritu zen partidak aurrera egin ahala. Horrek arerioari arnasa hartzen utzi zion.
Dena dela, 51. minutuan beste entsegu bat egin zuten durangoko mutilek. Minutu gehiegi egon ziren entsegurik egin gabe eta zapatuan arerioak beste munduko ezer egin ez zuen arren, gisa horretako lasaialdiak saihestu behar direla azaldu zuten jokalariek partidaren bukaeran. 50-3 izan zen emaitza.

Atzealdeko jokoari dagokionean gainera, hobekuntza nabarmena igarri zen zapatuko partidan. Bai eskuz eta bai hankaz hobetzen ari dira gainera durangarrak eta hori seinale ona da datozen partidei begira.
Zapatuan talde on baten aurka jokatuko dute durangarrek. Asteburuko partiduan egin zituzten hobekuntzekin jarraitzeko aukera izango dute datorren jardunaldian ere. Orain arte kanpoan jokatzean izan duten beldurra kentzeko aukera izango dute Madrilera egingo duten bidaian.
Lau denboraldi daramatzate durangarrek kategoria honetan eta bada garaia beldurrak kendu eta etxetik kanpo arerioari aurre egiteko. R.C. Complutenses Cisneros izango dute arerio. Hirugarren postuan daude madrildarrak, durangarrak baino tantu gehiago egin dituzten arren, hiruna partida irabazi dituzte biek ala biek. Etxean jokatuko dute baina madrildarrek eta ongi jokatu beharko du durangoko rugby taldeak etxera garaipena ekartzeko.