Gol bi eta puntu bakarra

Anboto 2007ko aza. 22a, 12:51

Gol bi egin arren eta kasu bietan markagailuan aurretik egon arren ez zituen hiru puntuak eskuratu Ellakurin Durangoko Kulturaleko jokalariek.

Julen Zaitegi aurrelariak zabaldu zuen markagailua hamabostgarren minutuan. Baina poztasunak ez zien asko iraun durangarrei. Hamar minuturen buruan epaileak Laudioren aldeko penaltya egon zela erabaki zuen eta arabarrek ez zuten barkatu. Garatek egin zuen 1-1ekoa. Bigarren zatira arte itxaron behar izan zuten durangarrek bigarren gola egiteko. Oraingoan Izarra izan zen protagonista. Jokaldi bikain baten ondoren baloia sareetara bidali zuen durangarrak. 61. minutuan etorri zen Kulturalaren gola baina minutu bat geroago Laudiok berdindu egin zuen beste behin ere partida. Mikel Elejalderena izan zen arabarren gola eta besterik gabe bukatu zen partida. Oro har, oso dinamikoa eta entretenigarria izan zen zapatuan Ellakurin jokatu zen norgehiagoka, eta puntu banaketa izan zen azkenean.
Hamaseigarren postuan daude durangarrak, eta hamaika puntu baino ez dituzte erdietsi denboraldia hasi zenetik. Zarautzen kontra jokatu beharko dute asteburuan Tabiran. Hiru puntuen bila jarraitu beharko dute durangarrek sailkapenaren erdi aldera begira jarri eta arnasa lasai hartu nahi badute behintzat.
Gainontzekoak futbolak denetarik eman du asteburuan. Ohorezko mailan, Berriz A-k 2-4 galdu zuen etxean Ortuellaren aurka. Lurraldeko lehen mailan, Zalduak eta Abadiñok galdu egin zuten kanpoan baina Iurretakok 2-0 irabazi zion Uritarrari Larrako-zelain. Lurraldeko bigarren mailan Elorriok 4-0 irabazi egin zion Extremeñori eta Ezkurdik galdu egin zuen Fruizen aurka. Berriz B-k irabazi egin zuen Urritxen eta Durangoko Jaikik galdu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!