Mikel Goñiren agurra zapatuan Ezkurdin, Ordagotik Aspera joan aurretik

Anboto 2007ko eka. 14a, 19:13

Ordagon bi urte eman ondoren, berriuz eliterako bideari ekin nahi dio Mikel Goñik Aspe enpresarekin. Zapatuan, Durangoko Ezkurdi Jai-Alai frontoian, bere azken partidua jokatuko du Durangoko enpresarekin.

Ordagon bi urte eman ondoren, berriuz eliterako bideari ekin nahi dio Mikel Goñik Aspe enpresarekin. Zapatuan, Durangoko Ezkurdi Jai-Alai frontoian, bere azken partidua jokatuko du Durangoko enpresarekin.

Bizitzak beti ez du bigarren aukerarik ematen. Mikel Goñik bi, hiru, lau… hamaika izan zituen Mikel Goñi Ondarroanbere sasoian, baina alperrik galdu zituen guztiak. Oronoztarra kalean utziz gero Asegarcera joan eta han mendeku gosez dena irabazten hasi zedin arriskua ikusi zuen Aspek, eta buru arinkeria guztiak pasatu zizkion, bata bestearen atzetik. Gainera, Goñirekin frontoian beti zegoen zeresana eta ikusmina; txarrenerako bai, baina onenerako ere gai baitzen, hartara serio jarriz gero. Baina kirolarien irudia sarritan ureztatu beharreko landarea lakoxea da. Are gehiago Goñiren kasuan; sasoi hartan, izenak eusten ziolako izaera heterodoxoari. Baina zaleen irribarre xaloek, algara tonu burlatia hartu zutenean, Aspek hartu zitekeen erremedio bakarra hartu zuen.

Orain, urte bian (hamar eman arren) Ordagon egon ondoren, bizitzak eta bere ahaleginek beste aukera bat eman diote. Laster Asperekin hasiko da berriz; beste maila batean, bai, baina kamisetan ‘Goñi’ jartzen duela, eta hori beti da albiste.

Juan Pedro Azkune Ordagoko zuzendariaren esanetan, Goñik Ordagon eman dituen urte biak “oso onak” izan dira “bi aldeentzako”: “Kontratuko klausula batean berriz lehen mailara bueltatzeko erraztasun guztiak emango genizkiola jasota dago, eta horrelaxe jokatu dugu. Orain, helduagoa da, logikoa da aukera hori aprobetxatu nahi izatea”.

Ildo horretatik, zapatuan, 18:00etan Goñiren agur partida berezia antolatu dute Ezkurdi Jai-Alai frontoian. Bera atzelari dela, Unai Azkune durangar debutariarekin jokatuko du Ubera II. eta Zezeagaren aurka. Aurretik, Mikel eta Armendia Zuheros eta Bilbaoren aurka ariko dira. Horrez gainera, enpresak omenaldi ekitaldia ere prestatu du.

Agur partida izanagatik, Goñik beste partida gutxi batzuk gehiago ere jokatuko ditu Ordagorekin. Esaterako, uztailaren 1ean enpresak Iruñean duen jaialdi batean jardungo du.

Asperekin “hiru bat hilabetez” probak egiten eta entrenatzen dabil Mikel Goñi. Kontratuaren gainean ez du ezer aurreratu oronoztarrak, eta Azkunek horri buruz ezer ez dakiela dio: “Enpresak buruz buruko finalean pentsatzen ari dira, eta hitzordu hori pasatuta, datorren astean bertan, beharbada, baliteke xehetasunen berri ematea”, uste du Azkunek.

160 partida Ordagon

Goñik Ordagoren 160 jaialditan parte hartu du eta jokatutako partiden %65 irabazi du, enpresatik jakinarazi dutenez. Euskal Herrian ez ezik, Valentzia, Paris, Madrid, Zaragoza eta Bartzelonan jokatu du, besteak beste. Ikusmina areagotzeko, sarritan egokitu saio atzelari gisa edo bat biren aurka jokatzea.



“Berriz ikuskizuna emateko moduan nago”

Elkarrizketa labur baina interesgarria izan dugu Mikel Goñirekin. Ordagoko bi urteak positiboak izan ei dira, baina elitera bueltatzeko irrikaz dago.

Uztailaren hasieran urte bi beteko dituzu Ordagorekin. Nolako urteak izan dira?
Urte onak izan dira. Pilota munduan jarraitzeko aukera izan dut eta toki askotan jokatu dut: Valentzian, Bartzelonan… Esperientzia ezberdina eta polita izan da.
Elitera bueltatzeko aukera berri baten esperantza hori beti mantendu al duzu?
Ordagon partida asko jokatu ditut, eta apurka-apurka forma fisikoa hobetzen joan naiz. Ia 20 kilo galdu ditut. Orain fisikoki ondo nago. Asperekin entrenamendu franko egin dut eta haiek ere ondo ikusi naute.
Hogei kilo, kilo pila dira. Zelan lortu duzu?
Korrika asko eginez eta ahoa itxiz (gutxiago jaten). Ez dago beste sekreturik. Asko sufrituta, baina hiru hilabetean galdu ditut. 112 nituen eta orain 92 ditut.
Bi urte hauetan Durangon sarri izan zara, entrenatzen eta abar. Hemengo jendea ezagutu al duzu?
Jende asko eta ona ezagutu dut. Batzuk asko lagundu didate, euren etxeko atea beti zabalik izan dut eta esker oneko nago. Durangon nire bigarren etxea dut.
Aspegaz hastear duzun ibilbide berrirako zer esperentza duzu?
Elitera bueltatzea da nire ilusioa. Uda bukaerarako Irujo, Xala, Titin eta horiekin jokatzea.
Sasoi bateko kolpea mantentzen duzu?
Eibarren entrenatzen izan naiz eta nerbioa hasi zait berriro etortzen. Gustura nabil eta uste dut berriz ikuskizuna emateko moduan nagoela.
Aspegaz zer kontratu sinatu duzu?
Oraingoz nahiago dut horri buruz ezer ez esan.
Olaizola eta Barriola. Zer gertatuko da?
Abel oso ongi ikusi dut. Aimar ere ondo dago, baina Abel beste txispa batekin ikusi dut. Bera da faborito, nire ustez.



"Ilusio itzela egiten dit Mikel Goñirekin jokatzeak"

Mikel Goñiren despedida ez du berehalakoan ahaztuko Unai Azkunek. Batetik, oronoztarragaz bikotea osatzeak “ilusino itzela” egiten dio; bestetik, Ordago enpresagaz debuta egingo du profesionaletan, 18 urteko gazte durangarrak. Amestutako debuta da, inondik ere. Ibilbide luze eta oparo baten hasikera izan dadila.


Profesionaletan debutatuko duzu, Goñigaz bikotea osatuz. Zer deritzozu?
Ilusio handia egiten dit. Berdin zait nirekin edo nire aurka bada, berarekin batera kantxan egoten banaiz. Ezin dezaket gehiago eskatu.
Elkarrekin entrenatu duzue?
Ez, aurkariekin (Ubera II.a eta Zezeaga) entrenatu dut behin.
Zeintzuk dira zure dohai nagusiak aurrean?
Defentsan ondo moldatzen naizela uste dut, eta dejadak egiten-eta abila naiz.
Zertan hobetu behar duzu?
Batez ere, gorputza hartu behar dut. Argalegi nago. Gimnasioan jardun beharko dut. Partidak jokatzen joan ahala, gorputza hartzen joango naizela uste dut. Horrez gainera, gantxoz sartu ohi naiz, baina jokaldi hori hobetu beharra daukat.
Zer helburua izango duzu profesionaletako lehenengo urtean?
Udan ahalik eta partida gehien jokatzea eta apurka-apurka maila berrira egiten joatea. Hori da helburua. Jakina, ahal dela, partidak galdu beharrean irabaztea ere ondo dago.
Aimar Olaizola eta Abel Barriola. Nork irabaziko du?
Olaizola izango da faborito eta gustuko pilotaria dut, baina Barriolak irabaztea nahi dut. Asko sufritu du eta itzel bueltatu da. Merezi du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!