Bizkaiko Kopako txapeldun dira Kurutziagako neskak

Anboto 2007ko eka. 8a, 13:05

Kurutziaga areto-futbol taldeak Bizkaiko Kopa irabazi eban joan zen asteburuan GSI Zurbaran Bilboren aurka (3-2), Zorrozako kantxan. Lehen zatian iritsi ziren gol guztiak. Eskualdekoak hiru bider aurreratu ziren markagailuan: “Beraiek berdindu orduko guk gola sartzen genuen. Ez genien erreakzionatzen utzi”, azaldu du Amaia Egidazu taldeko jokalariak.

Kurutziaga areto-futbol taldeak Bizkaiko Kopa irabazi eban joan zen asteburuan GSI Zurbaran Bilboren aurka (3-2), Zorrozako kantxan. Lehen zatian iritsi ziren gol guztiak. Eskualdekoak hiru bider aurreratu ziren markagailuan: “Beraiek berdindu orduko guk gola sartzen genuen. Ez genien erreakzionatzen utzi”, azaldu du Amaia Egidazu taldeko jokalariak.

Partida bukatu bezain laster, ospakizunak kantxan bertan hasi ziren: “Besarkadak, jauziak… oso une hunkigarriak izan ziren. Gure lagun, zale eta senitartekoekin ospatu genuen lorpena. Baita hainbeste lagundu diguten entrenatzaile eta lan-taldearekin ere”. Kurutziagako neskak futbolean jokatzetik datoz. Berdegunean final bat baino gehiago jokatu duten arren, ezin izan dute Koparik goratu. Orain, kantxan, garaipenaren gozoa dastatu dute.

Finalera irtsi arteko bidea gogorra izan da. Euren multzoko lehen partida irabazi egin zuten, Soloarteren aurka. Ondoren, Pozgarriren etxean berdindu bakarrik egin zuten ustekabean, eta bidea okertu egin zitzaien. Horrela, azken neurketa, Stilo Berriotxoaren aurkakoa, hil ala bizikoa gertatu zen. Derrigor irabazi behar zuten eta ez zuten hutsik egin (4-1). Garaipena eta finalera.

Giro ona

Emakumeen Kurutziaga areto-futbol taldea orain denboraldi bi sortu zen. Preferente Mailako goialdean izan dira bai iaz bai aurten, eta datorren urtean Liga irabaztea dute helburu. Berehalako emaitza on hauen azalpena taldeko “giro onean” dago, besteak beste: “Ezin hobeto konpondu eta dibertitu egiten gara elkarrekin jokatuz. Hori da, azken batean, benetan balio duena”.

Datorren urteari begira, hiru jokalarik (Sheila, Mirian eta Nerea Beltranek) taldea utziko dute. Dagoeneko, ordezkoak bilatzen ari dira, baina ez da lan erraza: “Ez dugu edonor hartu nahi. Aldagelako giro ona mantenduko duen jendea nahi dugu. Onak badira, hobeto, baina hori ez da premisa nagusia”, dio Egidazuk.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!