Folk eta rock musikaren oinarriekin, doinu berezi eta oso pertsonalak sortzen ditu Maika Makovski musikariak. Eta horiek zuzenean jo eta kantatzera etorriko da ekainaren 14an Durangoko Plateruena antzokira. Izan ere, disko berria aurkezten baitabil Makovski.
Bartzelonatik bueltan dator eskualdera. Hemendik Madril eta Zaragozarako bidea hartuko du, eta hiriotako hainbat aretotan erakutsiko ditu Hey hey beef jerk diskoan jaso dituen abestiak.
Interneten bere abestiak, hitzak eta irudiak jasotzen dituen orrialdean musikariari buruzko informazioa egon behar lukeen lekuan, “eta zuri zer ardura zaizu hori?... zatoz eta entzun gaitzazu jotzen” diote. Azken finean, hori baita benetan egiazkoena. Esan dezagun, beraz, ikusi eta entzun nahi duenak ez duela Plateruenean datorren eguenean izango duenaren antzeko beste aukera askorik izango; aprobetxatzeko modukoa da.