Musikaz gozatzen ikasteko

Anboto 2007ko eka. 8a, 09:08

Bartolome Ertzilla musika eskolak 4 eta 12 urte bitarteko haurrendako lehenengoz antolatu ditu aurten Musika Udalekuak.

Bartolome Ertzilla musika eskolak 4 eta 12 urte bitarteko haurrendako lehenengoz antolatu ditu aurten Musika Udalekuak.

Musika Eskolako ikasle ez direnei zabaldu gura izan diote musikara gerturatzeko gonbita, batez ere; musikarekin lehenago harremanik izan ez dutenei. Dena dela, eskolako ikasle izanda ere, musikarekin ondo pasatzeko aukera izan nahi duen edonork egun politak igaroko dituela ziurtatu dute antolatzaileek. Izan ere, Musika Eskolan aritzen diren umeek lehenengo mailan izaten dutenaren antzeko plangintza izango baitute uztaileko udalekuetan: edukiak landu aurretiko lehenengo kontaktua da udalekuetakoa; musikarekiko sentsibilitatea piztea eta sentsibilitate artistikoa garatzea helburu dituena. Jolasean, eta marrazkien, mimoaren eta dantzaren bitartez erritmoa, koreografiak eta kantua landuko dituzte. Udaleku Musikal berezion prezioa 110 eurokoa da, eta umeek dantza, kantu eta musika irakasleak izango dituzte, hiru alor horietan sakontzeko metodo berritzaileak baliatuta.

Udakeku Musikalak Gasteizen, Donostian eta Bilbon eskaini izan dituzte azken urteetan; Durangon aurten izango da estreinaldia. Aurten eta, hain justu ere, Ertzilla Musika Eskolak 25. urteurrena betetzen duen urte berean. Musikaren inguruko hezkuntzan mende laurdenez jardun izanagatiko ospakizunak urtarrilean abiatu zituzten. Eskolako ikasleek Las bodas de Figaro egin zuten San Agustinen. Urteurrena ospatzeko ekitaldiak baina, ekainean eta ekainetik aurrera ere luzatuko dira; urrunago joan barik, eguen honetan ere erakutsi dute ikasleek Musika Eskolan ikasitakoa, Bandako, Txiki koruko eta Gazte Orkestrako kideek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!