10. urtez 10 eguneko Euskal Astea

Anboto 2007ko mai. 24a, 12:49

Hamargarrenez egingo duten Euskal Astea ospatuko da datorren ekainaren 1etik 10era bitartean, eta planak egiten joan ahal izateko, programazio zabalaren aurkezpena egin dute asteon, Durangoko udaletxean.


Hamargarrenez egingo duten Euskal Astea ospatuko da datorren ekainaren 1etik 10era bitartean, eta planak egiten joan ahal izateko, programazio zabalaren aurkezpena egin dute asteon, Durangoko udaletxean.

Hain justu, Durangoko udaleko hainbat sailetako teknikariek urte guztian zehar antolatzen jardun dute hamar eguneko programa oparoa, baina aurkezpenean nabarmendu nahi izan dutenez, herriko hogeitik gora elkartek egindako lana ere eskertu nahi izan dute.
Hamargarren edizio honetako programazio oparoa osatzeko, 50.000 euroko aurrekontua izan dute. Diru horrekin, kulturaren alor eta adierazpide anitzetara ailegatu nahi dute, eta kultur eskaintza zabala eskaini Durangon, ekainaren 1etik 10erako egunetan.

Hamar eguneko Euskal Astea berezia izatea espero dute, eta horren isla moduan, kolorez aldatu dute euren irudi korporatiboa. Adierazi dutenez, bere lekua egin eta finkatuta dator Euskal Astea aurten, eta urteroko hitzordu bilakatutakoez aparteko beste ekitaldi batzu izango ditu.
Esate baterako, eta hamar eguneko programa luzean jasotzen diren ekitaldi guztien artean, ekainaren 1eko bat nabarmendu dute; izan ere, jai giroarekin hasteko, haurrentzako Zezenak dira izango da, Santa Ana plazan, iluntzeko 18:30ean, jaietan ere izaten duen arrakasta ikusita. 20:00etan, berriz, 10 urteko euskal astea ospatzeko animazioa izango da kalean. Durangoko kaleetan, Euskal Astea dela igarri dadin egingo dituzte ostiraleko ekimenak, eta asteburu horretantxe abiatuko da programa bere osotasunean.

Bigarren egunean, ekainaren 2an, hirugarren aldiz egingo den kaleko pintura lehiaketa izango da, goizeko 09:00etatik aurrera, Durangoko kaleei kolorea emango diena, eta hala gura duten artista guztiek izango dute izena emateko aukera, San Agustinen. Artista askorentzat Euskal Astean parte hartzeko era polita izan liteke herriko irudiren bat margoztu eta, bide batez, sariketa tentagarrira bere lana aurkeztea; aurkezpenean jakinarazi dutenez, lehengo saria 1.000 eurokoa izango da. Egun bereko arratsaldeko 18:00etan egingo dute sari banaketa. Artisten ondoren, dantzariak izango dira Durangoko Euskal Astean protagonista; izan ere, herriko Tronperri eta Zuberoako Muskildi dantza-taldeek Andra Mariko elizpean 25. aldiz egingo dute Euskal Dantzen Jaialdiaren lehenengo emanaldia -domekan izango da Araba, Lapurdi, Gipuzkoa eta Nafarroako dantzen txanda-. Zapatuan musikarekin bukatuko da Euskal Astea, Berziztu taldeak antolatutako lehiaketaren sari banaketa eta kontzertuarekin, San Agustinen, eta, eskualdeko musika taldeen rock kontzertuarekin Plateruena Kafe Antzokian.

Zesta-puntak eta eskupilotak, zinemak eta umeentzako jolas tradizionalek, antzerkiek eta Andoni Egañaren, Paia anaien eta Ander Lipusen bertso-tranpek beteko dute Euskal Asteak domekara arte emango duena. Nekazaritza Azokarekin hasi eta erromeriarekin bukatuko da 10 urteen muga gainditu duen Astea.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!