Aitite eta amamak San Agustineko oholtza gainean

Anboto 2007ko mai. 24a, 12:47

Durangoko Nagusien Etxeko taldekoek astelehenean, maiatzaren 28an, antzeztuko dute lehenengo aldiz Izaskun Asuak zuzendu eta moldaturiko Sueño de una noche de luna llena antzezlana.


Durangoko Nagusien Etxeko taldekoek astelehenean, maiatzaren 28an, antzeztuko dute lehenengo aldiz Izaskun Asuak zuzendu eta moldaturiko Sueño de una noche de luna llena antzezlana. San Agustinen izango da hori, iluntzeko 19:00etan.


Astelehenetik barikura bitartean, nagusiek antzeztutako obrak ekarriko dituzte jardunaldi hauetara; Euskal Herriko beste herri batzuetatik ere etorriko dira antzezleak –martitzenean Gasteiztik, Santurtzitik eguaztenean, eta Burgostik eguenean–. Protagonista nagusiak, baina, Durangokoak izango dira, eta horregatik, astelehenean jardunaldiari hasiera eman ez ezik, barikuan bukaera ere emango diote.

Duela urte bi antolatu zituzten lehenengo aldiz adinekoen antzerki jardunaldiok, eta esan digutenaren arabera, hasiera hartan euren antzerki taldeak izenik ere ez zeukan. Aurten ‘Goratagora’ izenarekin aurkeztu dira. Antzerki taldea partaideen kopuruari dagokionean goraka doala esan digute, jende berria hasi dela aurten, eta datorren urtean hasteko den jendea ere azaldu dela. Taldekide gehiago direlako esan digute; Sueño de una noche de luna llena antzezlanean 10 antzezlek hartuko du parte. Antzezle kopurua ez da, halere, Izaskun Asua zuzendariaren hitzak entzunda, Goratagora antzerki taldean duten altxorrik preziatuena. Ilusioa eta ikasteko gogoa baituzte sobera taldean.

Jende gazteari baino gehiago kostatzen zaie testuak irakurri eta buruz ikastea, baina lan egiteko gogoarekin zailtasun guztiak gainditzen dituzte; adibide moduan, antzezleetako batek aurten ikasi du irakurtzen. Irakurtzea, antzeztea eta euren adina ahaztea lortzen dute Goratagora taldekoek, eta esan digutenez, egiten dutenarekin oso gustura eta harro daude. Orain espero dutena eta gogotsu itxaroten dutena eszenatokira igo eta ikusleen txaloak jasotzea da; datorren astelehenean 19:00etan, eta barikuan 18:00 izango dute horretarako aukera, San Agustinen. Pertsona nagusien perfila aldatu egin dela nabarmendu dute aurkezpenean, aktiboagoak direla. Perfil eta pertsonaia berriz jantziko dute San Agustin, maiatzaren 28tik ekainaren 1era bitarteko iluntzeetan.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!