Futbola heziketarako tresna

Anboto 2007ko mai. 18a, 12:31

Jaiki Durangoko Futbol Kirol Elkartea iaz sortu zen, futbola erraminta moduan erabiliz, gazteen heziketan eragiteko helburuarekin. Eurentzat garrantzitsuena ez da emaitza, pertsona bera baino. Gizarteko hainbat alorretan arazoak dituzten gazteei gustuko duten kirola praktikatzeko modua eskainiz, burua altxatu daien eta ‘Jaiki’ daitezen saiatzen dira.

Jaiki Durangoko Futbol Kirol Elkartea iaz sortu zen, futbola erraminta moduan erabiliz, gazteen heziketan eragiteko helburuarekin. Eurentzat garrantzitsuena ez da emaitza, pertsona bera baino. Gizarteko hainbat alorretan arazoak dituzten gazteei gustuko duten kirola praktikatzeko modua eskainiz, burua altxatu daien eta ‘Jaiki’ daitezen saiatzen dira.

Juan Ormaetxeak, ekimeneko sustatzaile nagusiak, esperientzia zabala du entrenatzaile moduan;Juan Ormaetxea eta Jose Ramon Gaztelu-Urrutia gaztetxoekin hasi eta Bigarren B Mailara doazen kategoria gehienak ezagutu ditu, eta denetan futbola ulertzeko modu bera ezagutu du: “Klub guztietan irabaztea da lehentasuna. Jokalariak ez dira pertsona lez hartzen, erabili egiten dituzte”.

Hain zuzen ere, pentsamolde eta jarrera hori iraultzeko sortu zen Jaiki. Hiru helburu nagusi dituzte: baloreak erakustea (solidaritatea, adiskidetasuna…), gazteek ikasketak utzi ez ditzaten animatzea eta nola ikasi irakastea, eta, futbola beste ikasgai baten moduan jorratzea.

Horretarako, maisuek, psikologoek eta pedagogoek osatutako lan-taldea dute, eta denek bolondres moduan jarduten dute. Jaikira erakarri nahi dituzten gazteak ohiko bizimoduan arazoren bat dutenak dira: eskolan, etxean, lagunekin… Edo aurretiko futbol-taldean jokatzeko modurik izan ez dutenak. Horientzako guztientzako atea zabalik dute.

Ildo horretatik, lan egiteko eredua gehiago da eskolakoa entrenamenduetakoa baino: “Entrenatzeaz gainera, batzarrak egiten ditugu. Gizarteko arazoei buruz hitz egiten dugu. Kirolari, pertsona eta ikasle moduan tratatzen ditugu. Arazoren bat izanez gero, gurasoekin berba egin eta gazteak psikologo batekin solasaldi bat egiteko aukera eskaintzen dugu. Horrela, gazteek barrua askatzen dute eta arazoari aurre egiteko bidea erakutsi ahal zaie”.

Lehen denboraldia haur mailako taldearekin osatu dute. Ekimenaren joera positiboa ikusita, datorren denboraldirako kategoria guztietan (benjamin, kimu, haur, kadete eta nagusi) talde bana atera nahi dute. Horretarako, izena emateko epea zabalik dago Jaikik San Roke kalean duen Bustintza tabernan edo Zabale kalean duten dendan. Beraz, eskola eta federatu mailan ibiliko dira: “Zergatik federatu mailan? Desberdinak garela erakusi nahi dugulako. Oinarri eta jomuga bakar heziketa dugula erakusteko”.

Durangaldeko Mankomunitateak atletismo pista uzten die entrenamenduak egiteko eta, alde horretatik, “oso esker oneko gaude”. Udalaren partetik jasotako portaera, aldiz, ez omen da zuzena izan: “Badakigu asteko ordu batzuetan Arripausueta libre dagoela, baina mantentze-lanak egin behar dituztela-eta, ezetz esan digute. Federatuta egonez gero, pribilegioak dituzula? Gezur borobila. Guk itxitako ateak besterik ez ditugu aurkitu”.

Etorkinekin lanean

Etorkizunean Fundazio izaera eman nahi diote Jaikiri. Orduan, futbol-taldea Fundazioko adar bat izango litzateke, beste hainbaten artean. Hala ere, horretara heltzeko pausu ugari eman behar da, eta ez da oraingo premia nagusia, baina, dagoeneko, hari horri tiraka hasi dira: “Etorkinen integrazioa errazteko eta bi aldeen arteko erlazioak sustatzeko ahaleginetan gabiltza. Bolibiako talde batek mahai kirurgikoak behar ditu eta 14 bat prest ditugu hara bidaltzeko. Bestalde, Senegalgo Molon elkarteak, herrialde hartako arazo baten berri eman digu: herri arrantzale batean ez dute arraina zelan izoztu usteldu ez dadin. Horri irtenbidea emateko kudeaketak egiten ere bagabiltza”, zehaztu du Jose Ramon Gaztelu-Urrutia elkarteko lehendakariak. Era berean, etorkin gazteei futbol-taldean jokatzeko aukera ere eskaintzen  diete.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!