“Denok ez goaz norabide berean”

Anboto 2007ko mai. 10a, 14:23

Asteburuan Liga amaituko dute Tabirakoko gizonezkoen eta emakumezkoen taldeek. Mikel Polo emakumezkoen bigarrenak helburuak betetzat jo ditu eta, alde horretatik, pozik dago. Hortik kanpora, ordea, Polok hobetu beharreko alderdi ugari ikusten du: “Denok ez dugu norabide berean arraun egiten”.

Asteburuan Liga amaituko dute Tabirakoko gizonezkoen eta emakumezkoen taldeek. Eta badakigu zer tokatzen den: denboraldiaren balorazioa egitea. Kirol arloari dagokionez, Ruben Beneitez gizonezkoen entrenatzaileak eta Mikel Polo emakumezkoen bigarrenak helburuak betetzat jo dituzte eta, alde horretatik, pozik daude. Hortik kanpora, ordea, Polok (Mungialde taldea entrenatuko du datorren urtean) hobetu beharreko alderdi ugari ikusten du: “Denok ez dugu norabide berean arraun egiten”.

Tabirako goian ibiltzera ohituta dagoen taldea denez, exijentzia maila beste toki batzuetan baino handiagoa da. Horregatik, emakumeen taldeak uste baino gehiago sufritu izana ez dute denek ulertu. Poloren ustez, “jendeak ez du onartu nahi kluba ez dagoela bere unerik onenean eta, ondorioz, helburuak ezin daitezkeela berberak izan”. Jomugak taldearen errealitateari lotzeko eskatu du: “Jokalari batzuk joan egin dira eta harrobia ez da hain oparoa. Jendeak taldeak eman dezakeena baino gehiago eskatzen du. Aurtengo helburua taldea mailan sendotzea zen, hurrengo urteetara begira oinarria sortzea. Baina, lan horretan, denok ez dugu norabide berean lan egin”. Emakumeen lehenengo taldeak egindako lana “positiboki” baloratzen du, baina klub mailan, “balorazioak txarra izan behar luke”.

Beneitezek talde lana eta gazteek emandako erantzuna azpimarratzen ditu: “Urte osoan zehar lesionatu asko izan ditugu eta beheko taldeko gazteek lan bikaina egin dute. Horrela behar du. Nagusietako jokalari denek ez dute jarraituko eta gazteak irtetea funtzeskoa da Tabirako moduko klub batean”. Igoera faseari ederki ekin zioten, baina apurka indarra galtzen joan dira: “Lehen faseko nekea nabaritu dugu”.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!