“Manila plaza inportantea izan liteke urte gitxian, beharbada inportanteena”

Anboto 2007ko mai. 10a, 13:46

Adolfo Elizegi zesta-puntaria (Durango, 1972) Manilan, Filipinetan izan da Eusko Basque enpresarekin. Han bizitako esperientzia kontatu digu eta bere pilotari ibilbideari buruz ere galdetu diogu.

Adolfo Elizegi zesta-puntaria (Durango, 1972) Manilan, Filipinetan izan da Eusko Basque enpresarekin. Han bizitako esperientzia kontatu digu eta bere pilotari ibilbideari buruz ere galdetu diogu.

Nolakoa izan da Manilako esperientzia? Adolfo Elizegi
Bidaia berezia izan da. Jentearen aldetik jaso dogun tratua itzela, aparta izan da.

Heldu zinetenean hedabide ugari zenituzten zain.
Egia da. Ailegatu ginenean kazetari, argazkilari… denak guri itxaroten zeuden. Hoteleko zerbitzua ere ezin hobea izan zen. Zeozer behar izanez gero, segituan ekartzen ziguten. Ikusgarria izan zen.

Izarren pare!
Izarrak ere ez nuke esango, baina, bai, ondo kontsideratuta gaude. Jokua eta apustua oso sustraituta daude han: zaldi-lasterketak, oilarren arteko borrokak…Filipinarrei gustatzen zaie jokoa. Frontoia itxita egon da hiru-lau urtean, baina orain apustua legalizatuta dagoenez, Eusko Basqueren ekimenez berriro lehengo indarrarekin irten liteke zesta.

Eta jendea joaten da frontoira?
Frontoiak lepo zeuden beti. 12.000 lagun barruan eta beste mordoa kanpoan, sartu ezinik. Frontoira joan ginen lehenengo egunean 100 gaztetxo zain zeuden, argazkiak atera, kamisetak eskatu eta gurekin egoteko. Alde makala hemengo frontoietako giroagaz! Hau bai dela tristea!

Beraz, Filipinak erreleboa hartu diezaioke Amerikari.
Bai, posible da. Denbora behar da ganoraz lan egiteko, baina aurreikuspen denek diote oso plaza inportantea izango dela; beharbada, inportanteena. Egia esanda, Aitor Totorikak eta bere ingurukoek egindako lana goraipatzeko modukoa da.

Kirol arlora etorrita, II. Open Bainet Txapelketa jokatu zenuten han.
Bai, hemengoak hangoen kontra jokatu genuen. Hiru partida jokatu eta hirurak irabazi genituen. Beraien maila, oraindik, ez da gurearen parekoa. Zailduago gaude, esperientzia handiagoa dugu. Dohainak badituzte, baina baldintza egokirik ez maila hobetu ahal izateko. Orain, Eusko Basqueren laguntzarekin, gora egiteko aukera izango dute.

Handik bueltatzea amets baten amaiera izan da?
Beno, onartuta daukat dagoeneko. Badakit hemen zer dagoen eta badakit ez daukala hangoarekin antzik. Elkarrizketa denetan horixe galdetzen didate, hemengo egoerari buruz, eta, egia esanda, nekatuta nago beti gauza bera erantzuten. Nire enpresa kenduta, ez dut inongo laguntasunik eta ekimenik ikusten zesta indartzeko. Basamortuan predikatzea modukoa da. Urte askoan gabiltza kontu berdinarekin. Denen aldetik apurtxo bat jarriko bagenu zestak gora egingo luke, seguru.

Adolfo Elizegi34 urte dituzu eta 19rekin debutatu zenuen profesionaletan. Urte asko dira. Orain, zer unetan aurkitzen zara?
Nire jokorik onena joan dela uste dut. 29 urtetik 31ra ibili nintzen ondoen. Orain, gorputzak ez du lehen adina erantzuten, baina mantentzen saiatzen naiz. Hala ere, oraindik, beste zazpi bat urtean jokatzen jarraitzea espero dut. Txispa apur bat galdu dut, egia da, baina oraindik badot jokoa eta zer erakutsia. Gerra ematen jarraituko dut.

Profesionaletako 15 urtek askorako emoten dabe. Zerekin zaude gusturen?
Gauza askorekin. 15 urte horiek ez nituzke ezergaitik ere aldatuko. Berriro jaioko banintz pilotari izango nintzake, dudarik gabe. Pilotak dena eman dit. Ez naiz aberatsa, baina berriro errepikatuko nukeen bizitza eman dit.

Manilan, han bizitzen geratu diren pilotariak omendu zituzten. Biziko al zinateke han?
Ez. Poluzio handia dago, ikaragarria. Jendea ahoan babesak ipinita ibiltzen da. Miamin edo Floridan bizitzeko aukera ere eskaini zidaten, baina ni hemengo bizimodura eginda nago. Denboraldi baterako joateak ez dit ardura, baina ez betirako.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!