II. txapelketa, bi egunetan

Anboto 2007ko api. 26a, 11:08

Bigarren edizioa izango du aurten Plateruneneko Skate Txapelketak, zapatuan eta domekan. Ikuskizuna eta jaia uztartuko ditu jaialdiak, sagardoa eta patinetea.

Antolatzaileek eurek esana da skatea Amerikako Estatu Batuekin lotzen duela jende askok: klixe yankia dauka omen daukalako. Baina egia da azkenengo bi hamarkadetan munduko beste hainbat lekutan ere jarraitzaile asko dituen kirola edo gizarte mugimendua dela ere. Eta hor tartean daude Euskal Herria eta eskualdea bera. Esan digutenez, Estatuko onenetariko asko euskaldunak dira, eta Europa mailako txapelketetan ere puntaren puntan ibiltzen dira. Gazteen artean indarra hartu duen mugimendu honi geure artean lekua egiten iaz hasi ziren Plateruena antzokian; hain zuzen ere, antzokian bertan atondutako ibilbidean aritu baitziren gazteak euren abildadeak erakusten. Nazioarteko mugimendu horri gure ikuspegi propiotik ekiteko erabakia hartu dute Plateruenak eta Durangoko Udalak. Horregatik, asteburu honetako skate jarduna osatzeko, sagardoa da gehitu duten osagarrietako bat. Izan ere, sagardo kupela egongo baita Landakora hurreratzen diren guztientzako aukeran.

Skatea, kirol bat izateaz aparte, janzkera bat eta sarritan bizitzeko modu bat izaten da. Horrek, sarritan, janzkera zehatz bat eta musika entzuteko aukera bat ere ekartzen ditu berarekin. Platerueneko II. Skate Txapelketan baina, horrekin zelanbait apurtu gura izan dute eta, beharbada, erakutsi skatea beste era batera bizitzea ere posible dela. Bi egunetan frogatu gura dute hori, zapatuan eta domekan, eguerditik hasita. Asteon egin dute prestatutakoaren eskaintza.

Ingelesezko termino horrekin adierazten dute zapatuan Plaruenean izango den erakustaldia. Bertan, parte hartu nahi duten guztiendako zabalik dago izena emateko aukera, eta ez dago inongo mugarik adinari dagokionez. Izan ere, esan digutenez, gaztetxoenak izaten dira beldur gutxien izaten dutenak, eta horregatik beragatik trikimailu harrigarrienak egiten dituztenak. Aurkezpenean Gaizka antolatzaileak aitatu duenez, iazko onenen artean gehienak adin txikikoak ziren, eta ez dauka zentzu lar adin mugarik jartzeak. Hain zuzen ere, horixe izaten da halako txapelketetan gehien baloratzen dena: trikimailuak. Horien artean izaten dira, esan digutenez, ahalik eta jauzi altuenak egitea edo ranparen izkinan ahalik eta denbora gehienean oreka mantentzea.

Domekan, Landako Erakustazokan izango da profesionalen arteko lehia. Estatuko, Argentinako eta Frantziako parte-hartzaileak etorriko dira bertan paratuko duten 18 metroko ranpan erakustaldia egitera. Esandako moduan, dekorazio berezia ipiniko diote Suitzatik ekarritako ranpari, sagardo kupel itxura hartuko du-eta.

Honelako txapelketak hiri handiagoetan egitea izaten da ohikoena, esan digutenez –Madril eta Bartzelonan, esaterako– eta Durangon izateak bestelako ikutu bat emango diola uste dute. Txapelketa honetara gonbidatu egin dituzte patinatzaileak, eta 50 inguru izango dira Durangora etorriko direnak.

Sari handiak banatuko dituzte II. Plateruena Skate txapelketa honetan: 5.000 euroko saria jasoko du irabazleak. Lehen minutuan, bakoitzak egin ahal dituen trikimailurik harrigarrienak egingo ditu. Ondoren, beste tarte bat izango dute lurrera jauzi arte beste ariketa batzuk egiteko.
Ikuslegoa aho zabalik utziko dute euren abildadearekin, eta jaia bukatzeko eta ahoa ez ezik belarriak ere zabalik mantentzeko kontzertuak izango dira Plateruenean, Fu Manchu eta Valient Thorr musika taldeekin.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!