Kurutziagak zulo polita ireki dezake

Anboto 2007ko mar. 30a, 15:08

Kurutziagak mailaz igotzeko arerio zuzena bisitatuko du asteburuan. Irabaziz gero, bost puntuko aldetxoa aterako lioke.

Kurutziagak mailaz igotzeko arerio zuzena bisitatuko du asteburuan. Irabaziz gero, bost puntuko aldetxoa aterako lioke.

Kurutziaga Ikastola areto-futbol taldeak igoera du jokoan, bihar Galdakaon, Goiz Argiren zelaian. Gorengo mailarako bigarren txartela (desastrerik ezean, Atxuri Bakiok ziurtaturik du berea) bi talde hauen artean dago. Bata edo bestea igoko da. Atzetik datozenak urrunegi daude. Horregatik, biharko lehiak berebiziko garrantzia du. Irabazten duenak, moral kolpea eman diezaioke aurkariari. Hala ere, durangarrak dira eztenkada mingarriena sar dezaketenak. Izan ere, bi puntu gorago daude, eta biharko hirurak batuta, zulotxoa irekiko lukete. Galduz gero, berriz, Goiz Argik gainditu egingo lituzke, baina puntu bakar batera geratuko lirateke.

Kurutziaga, mailan golik gehien sartu duten taldea da: 88, guztira. Goiz Argik 67 sartu ditu; askoz ere gutxiago, baina errentagarritasun handia atera die. Joanekoan 3-1 irabazi zuten durangarrek, eta averagea ere zaintzekoa izango da.

Liga amaitu arte bi taldeek duten egutegia ia berdina da. Geratuko zaizkien bost arerioetatik lau berberak dira.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!