Vigo izeneko arantza atera nahi du DRTk

Anboto 2007ko mar. 22a, 13:45

Durango Rugby Taldeak kontuak garbitu nahi ditu Vigoko Unibertsitatearekin. Bisitan etorri diren hiru aldietan, galiziarrak garaile irten dira Arripausuetatik. Neurria hartua diote DRTri. Zapatuan egoerari, behingoz, buelta emateko motibazioarekin zelairatuko dira Iñaki Perez “Ortzi”ren mutilak:“Badugu arantza txiki hori ateratzeko gogoa”.

Durango Rugby Taldeak kontuak garbitu nahi ditu Vigoko Unibertsitatearekin. Bisitan etorri diren hiru aldietan, galiziarrak garaile irten dira Arripausuetatik. Neurria hartua diote DRTri. Zapatuan egoerari, behingoz, buelta emateko motibazioarekin zelairatuko dira Iñaki Perez “Ortzi”ren mutilak:“Badugu arantza txiki hori ateratzeko gogoa”.

Galiziarrak indartsuak dira aurrealdean, eta lerro hori geldiaraztea izango da partida irabazteko gakoetako bat: “Erasorako pisuzko jokalariak dituzte eta zaila da geratzea. Gainera, euren kontra jokatu izan dugunetan, eguraldi txarra egin izan du eta horrek defentsako lana are gehiago zaildu eta partida baldintzatu izan du”. Partida seguru baldintzatuko duen beste faktore bat lesionatuak dira. Zaintiratua, masailezurra, belauneko lotailua… bata dela edo bestea dela, taldea justu dabil: “Eskerrak etxeko lanak garaiz egin ditugun”, dio Ortzik.

Hori egia da. Euskal Ligako Ohorezko B Maila amaitzeko lau jardunaldi falta direnean, durangarrek puntu bakarra falta dute matematikoki maila ziurtatzeko. Behin hori lortuta, gora begiratzen hasteko moduan izango dira. Lehen postua Alcobendasena da. Monopolio horri ez dago aurre egiterik. Madrildarrek ez dute partidarik galdu liga osoan. Bigarren postua ere zail dago. Hirugarrena, ordea, esku puntekin ukitzen dute. Cornellá puntu bi gorago dago, baina partida bat gehiago jokatuta. Beraz, Vigoko Unibertsitateari irabazita, hirugarren kokatuko lirateke durangarrak.

Elorriok, puntu bat

Bestalde, joan zen asteburuan Elorriok puntua urratu zuen Getxon. Partida erraz galdu zuten (55-20), baina lau entsegu lortuta, bonus puntuarekin itzuli ziren. Partida amaitzeko hamar minuturen faltan Jabik erdietsi zuen puntua balio zuen entsegua.

Orain sailkapenean hirugarren daude, Zarautz bigarrenarekin berdinduta. Getxo liderra puntu bakarrera dute. Domeka eguerdian, Zarautzen kontra jokatuko dute kanpoan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!