Batak besteari eman ahal balio…

Anboto 2007ko mar. 22a, 13:39

Sasikoa A puntu behar gorrian dago; B taldeak, aldiz, sobera ditu, erregalatzeko adina. Gainera, Nazional A Mailan azken laugarrenak promozioa jokatu behar duela jakinarazi diete.

Sasikoa A puntu behar gorrian dago; B taldeak, aldiz, sobera ditu, erregalatzeko adina. Gainera, Nazional A Mailan azken laugarrenak promozioa jokatu behar duela jakinarazi diete.

Arras egoera ezberdinean daude Sasikoa A eta Sasikoa B. Lehenak sailkapenaren zulotikArgazkia: Iban Gorriti ateratzeko puntuak behar ditu, nola edo hala, ongi zein gaizki jokatu. Bigarren taldea, aldiz, lider dago Gorengo Mailan eta ez dago usainik hartuko dionik;12 puntuko aldea ateratzen dio bigarrenari. Lau partida barru, matematikoki igoera ziurtatuta izan dezake. Batzuek sobera dutena, besteek amets. Batak besteari eman baliezaio… “Non sinatu behar da?”, dio Aitor Olivares talde nagusiko jokalariak.

Borondateagatik balitz, puntuen transferentzia berahala gauzatuko litzateke. Bi taldeak dauden baino batuago egotea ezinezkoa da. “Lagun talde bat gara, familia handi bat”, Fran Martin Sasikoa Bko jokalariaren hitzetan. Bi taldeek elkarrekin entrenatzen dute, astean hiru bider. Saio horiek bikain datozkio bigarren taldeari, “gure mailan nabaritzen ez den erritmoa eta bizitasuna hartzeko balio izaten baitigute”. Horrez gainera, pixkanaka-pixkanaka, bigarreneko jokalariak lehenengo taldean sartzen hasi dira. Alderantzizko urratsa ere eman dute jokalari bik. Fiju atezaina eta Oskar Krespo atzelaria areto-futbola uztekotan ziren, baina lagunek konbentzituta B taldean ari dira aurten: “Egonkortasun handia eman digute”, baieztatu digu Martinek.

B taldearentzat dena positiboa den bitartean, nagusiek ez dute gorantz egiteko biderik aurkitzen. Martinek gogorarazten duen legez, “jokalariek lan egiten dute, eta beti ezin dira entrenamenduetara etorri, horregatik, A taldearen lanari merezi duen meritua eman behar zaio”. Zoritxarrez, merituak egitea ez da nahikoa mailari eusteko. Puntuak atera beharra dago.

Joan zen astean merituak sobera egin zituzten partida irabazteko, baina galdu egin zuten. Gernika bigarren sailkatuaren aurka, azken lau minutuetara banako berdinketarekin iritsi ziren. Baikorrenak, kontraerasoa aprobetxatuz hiru puntuak poltsikoratzeko aukera ere hurrean ikusiko zuen, baina, ez ba: zerri goseak ezkurra amets. Gernikak di-da batean hiru gol sartu zituen. Durangarrek ez zuten inondik ere horrelakorik merezi, baina esan dugu, merezita bakarrik ez dela irabazten.

Argazkia: Iban GorritiOlivares bat dator esandakoarekin, baina, nolanahi ere, bide onean daudela uste du: “Aspaldian dotore jokatzen gabiltza eta garaipenak iritsiko direla uste dut. Gernikaren aurkakoa pena izan zen, baina hiru puntu horiek ez ziren gure aieruetan sartzen”.

Hil ala biziko partida bi

Datozen bi partidak, Zuzenbideren eta Muriedasen aurkakoak, hil ala bizikoak dituzte. Horiek bai, horiek egutegian gorriz borobilduta dauden gudaldiak dira: “Nola edo hala, irabazi beharra dago. Sei puntu horiek batuta, etorkizuna askoz ere baikorrago ikusiko genuke”, Olivaresen esanetan. Partidetako gakoetako bat sortutako aukerak aprobetxatzean egongo da. Durangarrak antzu dabiltza ate aurrean. Azkenengo sailkatua den Muriedasek Sasikoa Ak baino 15 gol gehiago sartu ditu.

Sasikoa Bk partida zaila du, asteburuan, Kukuyaga hirugarren sailkatuaren aurka. Bi talde golegileenak aurrez aurre izango dira Landako kirolgunean. Saltzeko lain sartzen dituzten goletako bat gustura hartuko luke “anaia” nagusiak, puntuak ez izanagatik, horiek lortzeko duten trabarik handiena baita.

Azken laugarrenak promozioa


Salbazioa berez nahikoa zail badute, Espainiako Areto-Futbol Federazioak kontuak areago zaildu dizkie. Liga hasieratik indarrean egon arren, taldeek bazegoenik ez zekiten arau batek, Nazional A Mailako azken laugarrena promozioa jokatzera behartzen du: “Ez dakigu zehatz zergatik den, baina joan zen astean jasotako gutun batean horixe jakinarazi ziguten Espainiako Federaziotik. Guk zerbait susmatzen genuen eta, bere sasoian, Euskal Herriko Federazioari bitartekari lana egiteko eskatu genion. Azkenean, antza denez, erdibidea aukeratu dute; azken laugarrena ez da zuzenean jaitsiko, baina promozioa jokatuko du. Gure kexa nagusia aldaketa hori garaiz jakinarazi ez izana da. Liga hasi aurretik esan behar ziguten, eta ez urtarrilean”.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!