Iban Francori zor dizkiogu azken puntuak

Anboto 2007ko ots. 8a, 11:17

Iban Franco bergararraren golek puntu baliotsuak eman dizkiote Kulturalari. Gainera, badirudi taldea, bere osotasunean, konfiantza hartzen ari dela.

Iban Franco bergararraren golek puntu baliotsuak eman dizkiote Kulturalari. Gainera, badirudi taldea, bere osotasunean, konfiantza hartzen ari dela.

Entrenatzaileek errezeloak izan ohi dituzte jokalarien lana banan-banan goraipatzeko orduan. Ez omen dute gustoko, eta “talde osoak egindakoari” zor diote astebururo irabazitako edo galdutako puntuak. Zuhurtziaz eta elkartasunez jokatzen dute. Kazetariek ordea, erraz janzten dituzte kronikak izen bereziekin, hizki larriez. Egun batetik bestera jokalari bat zerutik infernura jausi daiteke, zazpi egunen buruan goxotasunetik errealitate gordinera. Garaipen bati nortasun berezi batekin janzteko joera dugu partida kanpotik ikusten dugunok.

Hala ere, gehiegikeriaz jokatzeko beldurrik gabe esango dugu: Iban Francok dauka hein handiArgazkia: Iban Gorriti batean, egun hauetan Tabiran bizi den lasaitasunaren errua. Errealitatea puztu gabe, zera esan dezakegu, Bergarakoa dela durangarren artean sasoi onenean dagoen jokalaria. Azken bi jardunaldietan erakutsitako sasoi bikainari, merezimendu osoz bere taldekideen lana ere gehitu beharko diogu, jakina. Baina Francok berdegunean erakutsitako parte hartzea izan da azken bi jardunaldietan guztien gainetik gorestu daitekeena. Joan zen zapatuko partidan ere, berak egin zituen durangarren bi golak.

Tabiran jokatu diren azkeneko partidetan garbi geratu da futbolean ez dagoela logikaz gidoiak idazterik. Zapatuan ustekabe garratza lehenengo jokaldian iritsi zen. Gipuzkoarrek markagailuan aurrea hartu zuten bigarren minutuan, falta bat jaurti ostean. Kulturalak ordea ezustekoari inoiz baino hobeto erantzun zion. Lasaitasunez, zuzentasunez eta zelaigunean disfrutatzeko garai bateko grin hori berriro somatu zen. Erdiko jokalariek (Larrinaga eta Franco) ondo banatzen zuten jokoa. Hegaletan, Munitisek gogotsu jarraitzen du; eta Condek badirudi pausus pausu nortasuna berreskuratu duela. Atzealdean, Melendezek hil ala biziko garrantzia izan zuten bi geldiketa egin zituen; arestian hainbeste aipatu dugun horrek atezainarekin partekatu beharko lituzke laudorioak, beharbada.

Hitz gutxitan esanda, badirudi jokalariek neurria hartu diotela liga honi. Zapatuan ikusitakoak behintzat itxaropenez bete zituen zale asko. Beste batzuk ordea ezkortasuna uxatzeko gehiago behar dute. Ildo horretan kritika batzuk ere entzun ziren Tabiran, baina Txintxurretak dioen moduan: “Orain ez da gure lana kritikatzeko sasoirik egokiena”. Librea da iritzia plazaratzea, baina errespetu osoz. Eta historia berriak ezin digu hori argiago erakutsi: jokoan izan diren hamabi puntutatik hamar bereganatu dituzte durangarrek. Ez da kritikatzen ibiltzeko marka.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!