“Frontoi laburretako esperimentuak asko lagundu du zesta hedatzen”

Anboto 2007ko urt. 25a, 14:10
Iñigo Aldekoa-Otalora (30 urte, Durango), Iruñeko Euskal Jai Alai enpresako pilotaria, zesta biziberritzeko aspaldiko urteetan emandako pausurik itxaropentsuenaren parte da. Izan be, orain uda bi, zesta frontoi laburretara egokitzen hasi ziren, modalitate horren hedapena zabaldu asmoz. Probak harrera bikaina izan omen du, eta etorkizuna baikortasunez ikusten du.
Iñigo Aldekoa-Otalora (30 urte, Durango), Iruñeko Euskal Jai Alai enpresako pilotaria, zesta biziberritzeko aspaldiko urteetan emandako pausurik itxaropentsuenaren parte da. Izan be, orain uda bi, zesta frontoi laburretara egokitzen hasi ziren, modalitate horren hedapena zabaldu asmoz. Probak harrera bikaina izan omen du, eta etorkizuna baikortasunez ikusten du.

Noiz hasi zinen partidak frontoi laburrean (36 metrokoan) jokatzen?
Orain urte bi inguru. Frontoi luze gutxi dago, eta horrek zestaren hedapena ikaragarri mugatzen du; oztopo handia da. Horregatik hasi ziren enpresak frontoi txikien aukera hausnartzen. Orain, jendea guregana etorri beharrean, geu joaten gara jendearengana. Zestaren hedapenerako pausu egokia eta positiboa izan da.

Orain arteko esperientzia nolakoa izan da?
Nik ez dakit beste enpresen berririk, baina gu azkenengo uda bietan geratu barik ibili gara; batez ere, Nafarroan, ni nabilen enpresa nafarra da-eta. Nire kirol ibilbidean, frontoi txikian izan dut begira jenderik gehien: Lizarran, Otsagabian… Frontoia erabat beteta eta pilotazaleak kanpoan,15_01_kirolak_229.JPG sartzeko lekurik gabe. Autografoak ere eskatu izan dizkigute, ospetsuak bagina moduan.

Bizkaian askorik ez, baina batzuetan jokatu duzu. Zer harrera izan duzue?
Bizkaian ez dut hainbesteko betekadarik sumatu. Kontuan hartu behar da negua ere badela, eta Nafarroan, berriz, udan eta herriko jaietan ibili izan garela. Hala ere, partida ondorenetan eta, ikusleekin izandako solasaldietan, oso ikuskizun ona dela esan izan digute, eta oso pozik irten dira frontoitik.

Frontoi luzetik laburrera zer alde dago jokatzeko orduan?
Jokatzeko modua asko aldatzen da. Kirol kutsu handiagoa dauka. Jokua askoz ere gogorrago da; frontoi luzean tanto diren horma bikoetara, laburrean heldu egiten gara. Gainera, tantoak nahasiak direnean, aurrelariek atzelarien lana egin behar behar izaten dute, eta alderantziz. Horrek, ikuskizuna bizitu eta handitu egiten du. Bestalde, partida guztiak ordubetetik gorakoak dira; batzuk ordu eta erditik gorakoak ere bai. Frontoi luzean partida batzuk ez dira ordubetera iristen. Fisikoki ere exijenteagoa da, 'buena' gehiago egiten delako.

Durangaldean, zer egoeratan dago zesta?
Lurpean dago; edo lurpean baino beherago, esango nuke. Durangoko frontoian denak eskupilotan dabiltza. Hori oso ondo dago, baina historikoki zestan jokatu izan da, eta pena apur bat ematen dit afizioa galdu dela ikusteak. Gogoan dut, gaztetxoa nintzenean, asko goizeko 6:00etan joaten zirela frontoira, ez zegoelako ordu gehiagorik libre. Orain, egunean ordu bi bakarrik ditugu. Gure atzetik ez dago pilotari gazterik, erreleboa falta da. Gainera, diru piloa gastatu eta ez dugu diru-laguntzarik jasotzen.

Gernikan frontoia itxi eta berriro zabaldu dute.
Bai. Herriaren erdi-erdian, etxebizitza egiteko kokaleku aproposean zegoen, eta hori zen asmoa: frontoia bota eta etxebizitzak egitea. Gero, pilotariak eta eragile ezberdinak batu eta frontoia eraikin historiko izendatzea, edo antzerako zerbait, eta zutik mantentzea lortu zuten. Ez hori bakarrik, orain zabaldu egin dute eta martxan dabil. Kasu hori Durangoko egoerarekin alderatuz gero, hemen frontoia botatzea erabakiko balitz, bota egingo zatekeela uste dut. Hor dago aldea.

Eta, oro har, zein da zestaren egoera?
Biziberritzen dabil. Orain bost edo sei urte hondoa jo zuen, desagertzeko zorian izan zen, baina orain, barriro indartzen dabil. Frontoi laburretako esperimentua positiboa dela uste dut. Esaterako, Mundialetako partidetan betekada bat baino gehiago ikusi dut Gernikan, eta bada zeozer. Neure ustez, enpresa indartsuenen artean (Eusko Basque, Jai-Alai Sport 36 eta Euskal Jai Alai) elkarte bat sortu eta zirkuitu bat antolatu beharko lukete, tenisean moduan. Zestak gaur egungo gizartera egokitu behar du. Hori lortuz gero, etorkizun ona ikusten diot. Gainera, uste dut enpresak ere horretaz jabetu direla eta lanerako gogoz ikusten ditut, aurrera egiteko determinazioz.

Zuk zeuk zelan bizi duzu zesta?
Afizio moduan, guztiz. Eta ez nik bakarrik, punta-puntakoenak kenduta pilotaririk gehienek beste lan batzuk dituzte.

Ameriketara joan izan zara?
Aukera izan dut, baina ez joateko erabaki dut. Ikasketekin jarraitzea eta hara joatea, aukera biak balantzan jarri nituen, eta, egia esanda, ikasketak alde batera uzteari sakrifizio handiegia iritzi nion.

Dirua polito irabazten omen da.
Lehen bai, baina Euroa ezarri zenetik, kontua aldatu egin da. Lehen diru-aldaketarekin hango irabaziak ikaragarri hazten ziren hemen. Orain, ordea, dirua parean dago, eta alkilerra ordaindu behar dela, erosketak egin behar direla… dirua irabazten da, baina ez ikasketak utzi eta ni hara joateko konbentzitzeko adina.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!