
Lasaitu ederra hartu zuten Tabirako zaleek joan zen urte amaieeran, taldeak beheko fasea ekiditea lortu zuenean. Baina gizonezkoen Lehenengo Maila zoroan, ez dago erdibideko postu hutsalik: azken laurek beheko fasean sufritzen dute, eta lehen laurak igoera fasera doaz. Tabirakok, beraz, sari eta erronka polita du aurrean. Multzokide izandako taldeen kontra (Valsay-Ardoi eta Ocaso Berrio-Otxoa) bina partida galdu eta irabazi zituenez, azken hirugarren postuan hasi zuen multzo berria. Nahikoa behetik ekin zion, beraz, eta goranzko bideak ez dirudi bat ere samurra, taldeen maila kontuan hartuta. Hala ere, Ruben Beneitez entrenatzailearen esanetan, “espiritu lehiakorra mantentzen saiatuko gara, ez gara denporapasa ariko”. Mezua bere eginez, Tabirakok faseko lehenengo partida irabazi egin zuen zapatuan, teorian etsai indartsuagoa zen www.Mapy.tv Arabako taldearen kontra (82-78).
“Beraiek gu haustera irten ziren; erritmo bizia ezarriz gu txikitzera. Horregatik, erasoak luzatzen eta erritmoa baretzen saiatu ginen hasiera-hasieratik. Partida irabazteko gakoa defentsan egon zen. Tarte batzuetan zonako defentsarekin asmatu genuen, eta defentsako errebote asko geureganatu genituen”. Horrela laburbiltzen du partida Beneitezek.
Taldearen errendimendu altuan lesionatuta zeuden jokalariak berreskuratu izanak ere badu zerikusia. Gazteek titularren hutsuneak ezin hobeto bete dituzten arren, esperientzia dohai baliotsua da partida estuetan.
Arrasateri bisita
Asteburuan, multzoko oilarretako bat bisitatuko du Tabirakok: Mugarri Alkesa Arrasate. “Niretzat, multzoko talderik indartsuena. Esperientzia eta gaztetasuna bikain uztartzen ditu, eta etxean garaitezina da. Hala ere, gu gure partida egin eta irabaztera goaz”, diosku Beneitezek.