"Negarra, txaloak eta esker ona jaso ditugu dokumentaleko kideen partetik"

Anboto

Haizea Bedialauneta.

Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasitako lau kidek, tartean Haizea Bedialauneta Garcia elorriarrak, Andrak Erramutan dokumentala aurkeztuko dute Irudienean. Arraun talde bat da Andrak Erramutan, Ondarroako 45 urtetik gorako emakumeek osaturikoa, eta 2024an hasi zuten bidea, Ondarroa-Donostia-Ondarroa ibilbidea arraunean lotu zutenean. Bedialaunetak eta gainerako kideek iruditan jaso zuten balentria hura, eta dokumental labur bat ekoitzi zuten. Aurten bigarren dokumental bat egin dute, eta horixe da, hain zuzen ere, Irudienean aurkeztuko dutena, Andrak Erramutan taldearen bigarren balentria, Bizkaiko kostaldean egin dutena.

Zelan sortu zen dokumentala egiteko ideia?
Ama ondarroarra da eta arraun talde horretan dabil. Egun batean bideo bat grabatzeko eskatu zidan, eta taldeak diru laguntza bat lortu zuenean dokumental txiki bat egitea proposatu zidaten. Bakarrik ezin nuenez egin, unibertsitateko lagun batzuekin taldea osatu nuen. Fakultatean elkar ezagutu genuen, baina esparru akademikotik kanpoko proiektu bat da.

Nortzuk dira Andrak Erramutan?
45 urtetik gorako 62 bat emakume dira. Gaztetan, gehienei ez zieten itsasoan eta kirolean aritzeko aukerarik eman. Portuko lan ikusezinetan aritzen ziren, sareak josten eta halako beharrak egiten. 2018an Orioko emakumeen proiektu bat ezagutu zuten; hango 40 urte bueltako emakume talde batek Orio-Bilbo-Orio zeharkaldia egin zuen. Zeharkaldi hartan oriotarrek geldialdi bat egin zuten Ondarroan, eta bertako batukadako emakumeek harrera egin zieten. Orduan, batukadako emakumeei arraunean egiteko gogoa piztu zitzaien. Kirola egiteko, elkar ezagutzeko eta hartu-emanak josteko modu bat topatu zuten. Eta halaxe, 2024an egin zuten lehenengo erronka. 

Balentria bi jaso dituzue iruditan, eta bigarrena da Irudienean aurkeztuko duzuen lana. 
Lehenengo erronkan Ondarroatik irten, Orion hango emakumeak omentzeko geldialdia egin, Donostian lo egin, eta Zumaiatik eta Mutrikutik pasatu ondoren etxera bueltatu ziren emakumeak. Horregaz dokumental labur bat egin genuen. Aurten, bestalde, Bizkaiko kostaldea zeharkatu dute: Ondarroatik Bilbora joan ziren zuzenean, biharamunean Bilbotik Bermeora, eta azkenik Bermeotik Lekeitiora eta Ondarroara. Bigarren hau da, hain zuzen ere, Durangoko Azokan aurkeztuko dugun dokumentala. Lehenengoan erronkak emandako poza erakutsi genuen, baina bigarrenean atzeko lan itzela ere islatu dugu, alde humanoa. Izan ere, kirolari izateaz gainera, emakume hauek ama, alaba eta langile izaten jarraitzen dute, zaintza lanak egiten dituzte etxean. 

Protagonistek zelan hartu dute dokumentala?
Negarra, txaloak eta esker ona jaso ditugu. Beti esan digute gu ere taldeko parte garela, eta grabazioetan zein edizioan babes handia eman digute. Guk zuzendu dugu lana, baina ez gara ezer eurak barik.

Ahalduntzerik igarri duzue euren berbetan? 
Bai, zalantzarik barik. Gogoan dut nire amari herrian bertan esaten ziotela ez zuela lortuko. Erronka amaitzean, arraunlari askok esan zuten: "Aho asko itxi ditugu". 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!