Abadiño eta Elorrio ziklo-krosaren topaleku bihurtuko dira 28ko eta 29ko lasterketekin

Joseba Derteano

Elorrion 800 bat parte hartzaile batzea itxaroten dute egun bien artean.

Errepideko denboraldia amaituta, ziklo-krosak hartuko du protagonismoa udazken-negu sasoian. Euskadiko Federazioko Ziklo-kros Kopa martxan da dagoeneko. Zortzi lasterketa aurreikusten ditu. Lehenengoa Zornotzan lehiatu zen joan zen asteburuan eta azaroko azken asteburuan Abadiñok eta Elorriok hartuko dute erreleboa.

Abadiñoko ziklo-krosa azaroaren 28ko zapatuan izango da. Aurten udaletxe atzeko landan prestatuko dute ibilbidea. Eguna master mailako lasterketekin hasiko dute, 09:30ean. Segidan, kadete eta junior mailetakoak hasiko dira, 10:30ean eta 12:00etan, hurrenez hurren. Azkenik, 13:00etan, eliteen, 23 urtez azpikoen eta Master 30 mailakoen lehiagaz gozatzeko aukera egongo da. 

Bestalde, Elorrioko ziklo-krosaren 49. aldiak jardunaldi bi izango ditu San Joseko inguruko landetan. Azaroaren 28an gazteen eguna izango da, txirrindularitza eskolena. 15:00 inguruan hasita mailaz maila lehiatuko dira, 17:00 ingurura arte. 

Azaroaren 29an kadeteetatik masterretara arteko mailek hartuko dute erreleboa, 09:15ean hasita. Elite mailako, 23 urtez azpiko eta Master 30 mailako lasterketak 12:15ean hasiko dira. Irteera puntuan Jonathan Lastra eta Alicia Gonzalez txirrindulari profesionalak izango dira, eta irabazteko hautagaien artean daude. Txirrindulari biak ziklo-krosaren aurtengo aldia aurkezteko prentsaurrekoan izan ziren eguaztenean, Julian Gorospe eta Alberto Leanizbarrutia txirrindulari ohiekin batera. Ibilbideari dagokionez, aurtengo zirkuituak 2,4 kilometro izango ditu, iazkoak baino 600 metro gehiago. 

Egun biak kontuan hartuta, Elorrioko txirrindulari elkarteko antolatzaileek 800 bat txirrindulari batzea itxaroten dute.

Domekan Jose Maria Gonzalez Perez txirrindulari ohia omenduko dute. Bere ibilbide profesionalean La Casera-Bahamontes bezalako taldeetan aritu zen. Espainiako txapeldun izan zen, eta munduko txapelketan zortzigarren postua eskuratu zuen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!