25 urteko ibilbidean pertsona garrantzitsua izan zara. Zelan gogoratzen duzu sorrerako sasoia? Lan itzela egin zenuten egitasmoa herririk herri aurkezten.
ANBOTOren egitasmoa herririk herri ofizialki aurkeztu genuen. Ilusio handiko garaia izan zen, proiektu inportante bat aurkeztera gindoazlea sinistuta geunden. Konbentzimendu handiagaz lan egin genuen.
Zelan aurkeztu zenuten proiektua jendaurrean?
Herrietako aurkezpenetan egitasmoak oso harrera ona izan zuen. Udaletara ere joan ginen proiektua aurkeztera. Kasu honetan gehiago kostatu zitzaigun gure konbentzimendu hori administraziora zabaltzea. Batzuetan, administrazioak berak sortu ez dituen proiektuak sostengatzeko urratsak ematea kostatu egiten da. Era berean, zer dago herritarragorik edo publikoagorik herritik bertatik sortutako ANBOTO lako egitasmo bat baino! Zorionez, urteetako lanari eskerrak gaindituta dago, eta orain inortxok ere ez du zalantzan ipintzen proiektua. Hala ere, hasieran lan handia egin behar izan genuen udaletan, Aldundian eta Jaurlaritzan bere zilegitasuna eta beharrizana aldarrikatzeko.
ANBOTO ezaguna izan arren, agian gazteenek ez dute jakingo zelan sortu zen. Gure aurrekaria ERAZ aldizkaria izan zen.
Zalantzarik barik ERAZ ezinbestekoa izan zen ANBOTOren sorrerarako. Ildo horretatik, Izaskun Ellakuriaga kazetariak aipamen berezia merezi du. Sasoi hartan, Arrasate inguruko proiektua erreferente zen guretzat, gaur egungo Goiena. Publiko zabalago batera heltzea zen helburua, formatua aldatzea eta doako harpidetzara pasatzea. Alde horretatik, luxuzko lankide bat izan genuen, Xabier Amuriza.
Sasoi hartan ez zen erraza izango zein euskara eredu landuko zen erabakitzea. Xabierrek argi zuen testuinguru hartan inor ere ezin zela atzean geratu.
Bagenekien aldizkariak euskara batua eskatzen zuela, baina kontziente ginen irakurle askok ez zeukatela ohitura euskaraz irakurtzeko. Amurizak ahalegin handia egin zuen Durangaldeko berbakera kontuan hartzeko.
Profesionalizaziorako hautua egin zen, kolaboratzaileak aintzat hartuta.
Horrelako proiektu herritarrek duten aberastasunik handiena horixe da, hain zuzen ere: jendeak sinistu egiten duelako parte hartzen du proiektu horretan. Bere sentitzen duenez, bakoitza prest egoten da bere aletxoa ipintzeko. Horregaitik dira proiektu hauek hain beharrezkoak. Baina, denboran irauteko, garrantzitsua da bideragarriak izatea. Bertan lanean dabiltzanek lan baldintza duinak izatea ere garrantzitsua da.
Behin kudeatzaile lana utzita, zuzendaritzan jarraitu zenuen, militante legez.
Bakoitzak ahal duena egin behar du, eta proiektuetan ekarpena egin. Horrela sortu da euskalgintzan dugun hainbat egitura. Sinisten dut horrela izatea inportantea dela, eta ez proiektuagaitik bakarrik, norberarentzat aberasgarria delako ere bai. Espero dut hurrengo belaunaldietako gazteek ere gurpil horri eutsiko diotela.
Bulego aldaketa egin genuen 2010eko urtarrilean. Santa Anako bulegotik Iurretako Bixente Kapanagara lekualdatu ginen. Sasoi hartan kudeatzaile legez ez, baina zuzendaritzan zenbiltzan.
Bai, beste hainbat lagunegaz, Jasone Agirregaz eta beste kide batzuekin. Bulego aldaketa beharrezkoa zen. Santa Anakoak bere xarma zuen, baina oso zaharkituta zegoen, beti borrokan ibiltzen gienen hango fusibleekin, hotz egiten zuen... Bulego berriak beste baldintza batzuk eskaintzen ditu behar egiteko.
Beste aldaketa garrantzitsu bat elkarte izatetik kooperatiba izateko jausia izan zen.
Egitura juridikoak elkartearen egitekoei erantzun behar die, eta kooperatiba parte hartzea bultzatzen duen egitura bat da, hainbat figura aurreikusten du. Alde horretatik, egokia da ANBOTOren moduko egitura parte hartzaile batentzat.
Kazetaritzaren ikuspuntutik, zelan baloratzen duzu ibilbidea? 25 urtean mundua aldatu egin da eta edukiak kontsumitzeko moduak ere bai.
ANBOTO erreferentziazko hedabide bat da, zalantzarik barik, eta hori 25 urtean egindako lanari eskerrak izan da, kazetaritza ikuspuntutik egindako lanagaitik eta baita kolaboratzaileen lanari eskerrak ere. Astero kolaboratzaileen iritzia irakurtzea gustagarria da. Erreferentziazkoa da norbaitek ekimenen bat antolatzerakoan ANBOTOra jotzeko ohitura duela nabaritzen delako. Bizi ditugun garai zoro hauetan irakurketa patxadaz egiteko aukera ematen du. Erronka izango da belaunaldi berriak gerturatzea, sare sozialetan gehiago daudenak.
Paperetik gatoz, webgunea sortu genuen, eta horren ondoren sare sozialak sortu ziren; beraz, audientziaren kontsumo ohiturak aldatu egin dira. Gazteengana heltzea erronka handia da. Irakurle askok papereko patxada hori eskertzen du, baina beste erritmo bat ere badaukagu: azken ordukoa idaztearena eta sare sozialak elikatzearena; klik arrantza eta azkartasuna, azken batean. Mundu bi horien artean gaude.
Pentsatu gura dut desinformazioan oinarritutako sareetako eduki arin horien atzean zer dagoen jabetuko direla. Hori erronka garrantzitsua da. Bestalde, gure herria aldatu egin da, beste lurralde batzuetako pertsonak etorri dira, eta ANBOTO lako proiektuak eurenak ere badirela erakustea beste erronka bat da.
Guk ere hausnarketa hori egin dugu eta laster proiektu berri bat martxan ipiniko dugu. Baina ez dut larregi aurreratu gura. Bestalde, desinformazioa aipatu duzu. Horren aurrean, hedabide batek izan dezakeen altxorrik handiena sinesgarritasuna da. Gertukotasunak lagundu egiten du horretan. Txanponaren beste aldea ere hortxe dago. Gure komunitateak atea jotzen digu, bulegora etortzen da. Gertutasuna elkar zaintza legez bizi dugu. Komunitateko eragile bat gehiago gara.
Bai, gertutasuna beti izan dugu oso presente. Gogoratzen dut sorrerako urteetan Internet ez zegoela hedatuta eta herri bakoitzean informatzaileak izaten genituen, herri bakoitzean esanguratsua zen informazioa jasotzeko. Gure baliabideak mugatuak ziren eta imajinazioa behar zen leku guztietara heltzeko.
Bai, gogoratzen dut informatzaile sare bat izaten genuela; jende anitza izaten zen, gainera.
Lehia puntu bat ere izaten zen, bakoitzak ez duelako bere herria behar den beste islatuta ikusten. Oreka horiek mantentzea ez da erraza izaten, baina ahalegin hori igartzen da, herri bakoitzak bere lekua izan dezan.
Konpromisoa dugu astero herri guztietako albisteak sartzeko, batez ere herri txikien mesedetan. 25 urte daramatzagu geure buruari ezarritako arau horri eusten.
Beste arlo askotan ere kuotak aipatzen ditugu, eta kasu honetan ere herri txikien informazioa bermatzeko arau hori ipintzeak badu zentzua. Herri handi zein txiki, astero bere lekua izaten du.
Amaitzeko, Idurre, balorazio bat eskatuko nizuke.
Hasteko, zorionak anbototar guztioi, eta bereziki astero-astero lanean zabiltzaten denoi. Erronkak erronka, zorionak denoi!