"Hilerri, panteoi eta hobiek mantentze-lana behar dute; guk pasioz egiten dugu hori"

M.Z.

Fernando Gallastegui, berak eraberritutako panteoi baten aurrean.

Hilerriak azken agurra eman eta joan zaizkigun senide eta lagunei bisita egiteko tokiak izaten dira. Toki horiek atseginak izatea eta txukun egotea ezinbestekoa izaten da. Eta horretan dihardu Fernando Gallasteguik.

Noiztik zabiltza hilerrietan lanean?
Ia 25 urte daramatzat lan hau egiten. Honen aurretik, igeltsero lanetan nenbilen eta anaiak kanposantuetan lan egiten zuen. Beti esaten nuen ez nuela inoiz hilerri batean lan egingo, eta, hara, probatu eta izugarri gustatu zitzaidan. Hilerrian bake itzela dago, ez dut hau baino leku baketsuagorik aurkitu. Beti esaten dut arazoak hilerriko atetik kanpora irtetean aurkitzen ditugula. 

Zer da egiten duzuen lana?
Denerik egiten dugu: panteoiak eraberritu eta garbitu, gorpuak lurperatzeko hobietan plakak ipini, eta abar. Esaterako, panteoi askok eta askok urte mordoa dute, eta zaindu ezik pitzatu egiten dira, eta gero apurtu. Halakoetan, jausteko arriskurik badagoen begiratzen dugu, eta behin hori aztertuta konponketak egiten ditugu, baita garbiketa ere. Polito uzten ditugu, diru askorik gastatu barik.

Hobiak ere egiten ditugu, eta horiek konpondu eta garbitzen ditugu. Eta, jakina, gehien egiten dugun lana horma-hobietako plakak dira. Horixe da egiten diguten eskaririk handiena. 

Zuen lana asko aldatu da urte hauetan guztietan?
Gu hasi ginenan, lau gorputik bat erre egiten zuten. Gaur egun, ostera, lau gorputik bat lurperatzen dela esango nuke. Sasoi batean, jendeak ez zituen senideen errautsak hilerrira ekartzen, baina esango nuke hori aldatzen dabilela gaur egun. 

Erabiltzen duzuen materiala asko aldatu da?
Guk geuk asko aldatu dugu materiala. Orain urte batzuk, marmoldegiek marmol zuria ipintzen zuten hilerrietan. Baina material horrek zahartze txarra du. Azken urte hauetan, guk granitoaren aldeko apustua egin dugu. Oso material ona da eta 20 urteren ondoren ere plaka lehenengo egunean bezala egoten da. Bezeroak ahalik eta diru gutxien gastatuta, polito geratu dadin nahi izaten du, eta guk horixe egiten dugu. 

Garbiketarako materiala ere asko aldatu da. Orain urte batzuk, panteoiak hareagaz garbitzen ziren, baina oso garestia da. Orain garbiketako beste teknika batzuk erabiltzen ditugu; esaterako, hidrogarbigailuak. Lan ederra egin daiteke teknika hauekin.

Bezeroei beti esaten diet hilerri, panteoi eta hobiek mantentze-lana behar dutela, eta guk pasioz egiten dugu lan hori. Mantentze-lan horiek sarri eginez gero, materialak zahartze hobea izaten du eta askoz merkeago irteten da. 

Hilerriak ere garbitzen dituzue.
Bai, hilerriak garbitu eta konpontzen ditugu. Esaterako, Iurretako hilerriko lanak geuk egiten ditugu. Hilerri bat txukun eta garbi izatea ezinbestekoa da. Hilerrira adin guztietako jendea joaten da, eta sarritan oso jende nagusia. Niretzat ezinbestekoa da hilerrira datorren pertsona gustura sentitzea eta ingurua garbi izatea. Hilerriak toki atsegina izateko lan egiten dugu. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!