Hego Euskal Herriko gehiengo sindikalak greba orokorrera deitu du azaroaren 11rako, eta Durangaldeko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak ere mobilizazioak antolatuko dituela iragarri du. Helburu argia markatu dute: "Espekulazioarekin amaitzea eta etxebizitza eskubidea bermatzea". Adierazi dutenez, "etxebizitza oinarrizko eskubidea izan beharko litzateke, osasungintza edo hezkuntza diren bezala. Hori bermatzeko oztopo nagusietako bat, ordea, etxebizitzaren negozioa da. Etxebizitza gutxi batzuen negozio-iturri den bitartean, ezin izango da guztiontzako eskubide bermatua izan". Horren aurrean, Durangaldeko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak "espekuatzaileak desjabetzea, espekulazioa debekatzea eta etxebizitza langileriaren beharren arabera planifikatzea" proposatuko du.
Halaber, auziari aurre egiteko ezinbesteko tresnatzat jo dituzte "antolakuntza eta borroka". Durangon, adibidez, greba orokorrari begirako lan-talde bat osatuko dute, eta asanbladara deitu dute guztia antolatzeko. Barikuan, urriak 23, Santa Anako plazan batuko dira, 19:00etan, greba orokorra eskualdean prestatzeko eta etxebizitzaren arazoari erantzun kolektiboa emateko. Halaber, Elorrion, Abadiñon, Zornotzan eta Otxandion antzera bateko asanbladak antolatuko dituzte datozen egunetan.