EAJk belodromorako proiektua ez "blokeatzeko" eskatu dio EH Bilduri

A. M.

Belodromoarekiko Mankomunitateak duen "bultzada politiko falta" salatu dute jeltzaleek, kudeaketa kritikatzeaz gainera. 

Berrizko Marino Lejarreta belodromoa berriro izan da eztabaidagai aste honetan. Durangaldeko EAJ-k EH Bilduri belodromoaren azpiegitura zehazteko eskatu dio, baita proiektua "blokeatzeari" uzteko; Mankomunitateari "plangintza zehatz eta eguneratu" bat egiteko eskatu diote. "Bizkaiko Foru Aldundiak belodromoa egitearen aldeko apustua berretsi du, baina Mankomunitateari plangintza zehatz eta eguneratu bat eskatu dio, kostuak, mugarriak, datak eta finantzaketa iturriak jasoko dituena, bi erakundeen arteko hitzarmen berri baterako oinarri integral gisa", azaldu dute jeltzaleek.

EAJren arabera, 2023an EH Bildu Mankomunitatearen agintera iritsi zenetik ez da aurreikusita zegoen jarduerarik hasi. "EH Bilduk proiektu langu bat, plangintza bat eta finantzaketa konprometitu bat jaso zituen. Hiru urtez ez da martxan jartzeko gai izan, eta emaitza da Durangaldeak 1,5 milioi euro galdu dituela eta 147.000 euro hartu behar izan dituela bere gain interesetan. Zaila da kudeaketa faltak dituen ondorioen adibide argiagorik aurkitzea", salatu dute.

Belodromoaz gaindi

Are gehiago, alderdi jeltzalearen arabera erakundeek "proiektuak epe barruan gauzatzeko, eta administrazio batzuek bere esku jartzen dituzten finantzaketa aukera aprobetxatzeko" ardura dute, eta belodromoarena "errepikatu ezineko aurrekaria" da. "Ezin dugu normaltzat hartu baliabide publikoak galtzea, proiektuak epeen barruan gauzatzeko gai ez izateagatik".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!