Zazpigarren urtez, Abadiñoko Tornosolo trinketeak Kepa Arroitajauregiren oroimenezko txapelketa hartuko du bariku honetatik aurrera. Txapelketak bi modalitate ditu: esku pilotan buruz buru eta, gomazko paletan bikote mistoekin.
Buruz buru sei pilotari lehiatuko dira eta euretako hiru eskualdekoak dira: Ibai Arroitajauregi iurretarra, Luken Atutxa garaitarra eta David Alonso zornotzarra. Seikotea Bizkaiko Iker Rekaldek, Ipar Euskal Herriko Manex Etcheberri Pachecok eta Nafarroako Okarizek osatzen dute.
Paleta goman zortzi bikote lehiatuko dira eta pilotari guztietatik bizkaitar bakarra dago: Ander Asurmendi larrabetzuarra.
Arroitajauregi eta Atutxa elkarren aurka
Final laurdenetako lehen jardunaldia bariku honetan (urriak 2) jokatuko da, 18:00etatik aurrera. Bertan Ibai Arroitajauregik eta Luken Atutxak elkarren kontra jokatuko dute finalerdietako txartelaren bila. Binakako bi partiduak honako hauek dira: Ibañez-Mutuberria / Bustinza-Torres eta Larrarte-Galdos / Arraztoa-Azurmendi.
Beste final-laurdenak urriaren 9an jokatuko dira. Finalerdiak urriaren 16an eta 23an dira eta finalak, urriaren 30ean.
Urtero legez, Kepa Saria ere jokoan izango da, beronek ordezkatzen zituen baloreak ondoen ordezkatu dituen pilotariarentzat.