Irailaren 24an, Bizkaiko Dantzarien Biltzarrak Esker Onak ekitaldia egin zuen, tokiko folklorea gordetzen dutenei aitortza egiteko. Ekitaldia Bilboko Euskalduna jauregian egin zuten, eta Durangaldeko hiru eragilek jaso zuten biltzarreko kideen aitortza: Garaiko dantzariek, Antton Mari Aldekoa-otalora iurretarrak eta Zornotzako Udabarri dantza taldeak.
Jon Gaminde da Bizkaiko Dantzarien Biltzarreko koordinatzailea, eta arduradunak Durangaldeko hiru eragile horien lana txalotu du: "Garain sendo gorde dituzte tokiko dantzak. Ez dute sekula hutsik egiten, eta behar-beharrezkoa zen haiei atortza hori egitea. Udabarrik beste hainbat dantza talderekin batera jaso du esker ona, dantza talde zornotzarrak bere 60. urteurrena bete du-eta, hain zuzen ere, aurten. Eta Antton Mari txiki-txikitatik egon da dantza giroan sartuta. Umetatik ezagutu ditu herriko dantzak, familiatik datorkio dantzarako sena, eta lan handia egin du Iurretako dantzak zabaltzen. Oso pertsona inplikatua izan da. Merezi zuen aitortza hori", azaldu du Gamindek.
Aurtengoa Esker Onak ekitaldiaren hamargarren edizioa izan da. Eskualdeko eragileez gainera, honako beste kide hauek ere eskertu dituzte: (Trapagaran), Durundi Barri (Lemoa), Erreka Ortu (Barakaldo), Gorantzaileak (Sondika), Ibarrakaldu (Barakaldo) eta Zerutxu (Markina-Xemein) dantza taldeak beren 60. urteko bideagatik. Gaztedi Dantzari Taldea (Santutxu, Bilbo) 75 urteko bideagatik, Roberto Etxebarria (Gatika, 1969) musika tradizionalaren alde egindako lanagatik, Juan Sainz (Tutera, 1953) eta Muga Taldea (Tutera) Jota de Tudela edo Viva La Pepa dantzaren inguruan egindako lanagatik, Calzados Bizkarguenaga (Bilbo) euskal dantza tradizionalerako jantziekin egindako lanagatik eta Danbolin Txistu Elkartea (Basauri), egindako lanagatik.