Bizkaiko Bertsozaleen Elkarteak jakinarazi duenez, eskualdeko DuranGALDUEK taldeak irabazi du herrialdeko taldekakoa. Jardunaldia joan zen zapatuan egin zuten, eta garaileek saio "fresko" eta "umoretsuak" egin zituztela nabarmendu dute antolatzaileek.
Talde irabazleak Haritz eta Itsaso (Busturialdea) eta Far Westeko bertsolariak (Enkarterriak-Ezkerraldea-Meatzaldea) taldeak garaituta igaro zuen lehenengo langa, Xiberu tabernaren kanpoaldean, eguzkiak gogor sakatzen zuela. Halaxe lortu zuten finalerako txartela, publikoaren eta epaileen puntuazioek lagunduta.

Eta finalean aurrez aurre zein talde topatuko eta... Durangaldeko beste talde bat: Lirio loreak. "Talde hasiberria" Bizkaiko Bertsozaleen Elkartearen arabera, baina ekite handikoa itxura guztien arabera, etxekoek Busturialdeko Bypasseu eta Uribe Kostako Karidadeko masokistak garaitu zituzten eta. Eta halaxe, eskualdeko talde bi lehiatu ziren Propi jatetxeko finalean: Lirio loreak eta DuranGALDUEK. Eta esan bezala, bigarrenak izan ziren garaile.
Egunak bestelako irudi batzuk ere utzi zituen, Xabier Amurizak berak ere bertsotan egin zuen eta. Etxanotarrak Lazkao Txiki izan zuen gomutan, hura jaio zeneko mendeurrenean.
