Lehenengoz emakumeak ere lehian izango dira Cafés Baqué pilota txapelketan

J.D.

Iaz Atxondon jokatutako finaleko irudia. (Argazkia: Bizkaiko pilota federazioa)

Etorkizuneko pilotarien Cafés Baqué buruz buruko txapelketak nobedade nagusi batekin ekingo dio 39. aldiari: emakumeak ere lehiatuko dira. 16 pilotarik hasiko dute txapelketa, euren artean Durangaldeko batek: Durangoko Pelotazale Klubean dabilen June Agirrebeitiak.

Mutiletan kadete eta gazte mailan lehiatuko dira, 20na pilotari kategoria bakoitzean. Euretako 24 bizkaitarrak dira. Gainerakoak Gipuzkoako, Arabako, Nafarroako eta Errioxako txapeldunak dira. Hemen ere badaude eskualdeko ordezkariak: Pablo Agirrebeitia (Pelotazale) eta Jon Areitio (Zornotzako Lagun Onak) kadeteetan, eta, Enaitz Uribe (Pelotazale) eta Izkander Torralba (Lagun Onak) gazteetan. 

Txapelketa Mañaria, Zelaieta, Traña-Matiena, Iurreta eta Durangoko frontoietan jokatuko da. Aurten ez dute Atxondon jokatuko, frontoiko mantentze lanak direla-eta.

Bi jardunaldi astean
Jardunaldiak eguenetan eta barikuetan izango dira, 18:30etik aurrera. Eguenean jokatuko dute lehenengo jardunaldia Iurretako Kepa Arroitajauregi pilotalekuan. Partiduak honako hauek dira: Franco-Odiaga, Gortazar-Areitio, Otxoantezana-Albizu eta Uribe-Arrizabalaga.

Barikuko bigarren jardunaldia Durangon da, lau partidurekin: Perez-Agirrebeitia, Goikoetxea-Ardeo, Sololuze-Txabarri eta Bediaga-Oruesagasti. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!