Durangaldeko adinekoek Bizkaiko 'Activa' erronkan parte hartuko dute

E.H.

Irailaren 18an, 12 orduko erronka kolektiboan parte hartuko dute, 08:00etatik 20:00etara. Parte hartzaileek jarduera fisikoa egingo dute txandaka, oinez zein arineketan.

Irailaren 18an, Bilbok Activa Bizkaia Erronka hartuko du, 55 urtetik gorako pertsonen artean zahartze aktiboa eta jarduera fisikoa sustatzea helburu duen egitasmoa. Bertan, Durangaldeko adinekoek ere parte hartuko dute, eta honako erronka hau izango dute eskuartean: 08:00etatik arratsaldeko 20:00etara, parte hartzaileek jarduera fisikoa egingo dute txandaka. Ordubetez oinez edo 30 minutuz korrika, Bilboko erdigunean prestatutako zirkuitu batean (Erripako kaia, Calatrava zubia eta Uribitarte pasealekua). Ekitaldia jai eta ospakizun giroan garatuko dute, eta bertan izango da, besteak beste, Martin Fiz, munduko eta Europako maratoi txapelduna eta ekimenaren enbaxadorea.

Parte-hartzea doakoa da eta izena ematen dutenek kamiseta bat jasoko dute opari. Interesdunek 94 620 05 46 telefonora deituta (10:00-13:00) edo nagusiak@dma.eus helbidera idatzita eman dezakete izena. Ekimenak Bizkaiko 26 udalerriren babesa du. Antolatzaileek 1.800 lagun baino gehiago biltzea espero dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!