Toki gehiago errekuperazio funtzionalerako

Anboto 2026ko ekainaren 29a

IMQ Igurco Orue egoitza soziosanitarioak, Amorebieta-Etxanoko Dudeako Done Mikel auzoan dagoenak, laugarren solairu handitu berria inauguratuko du, eta, handitze-lan horri esker, Errekuperazio Funtzionaleko Unitatea indartu ahal izango du.

Hamar urtetik gorako esperientzia du Unitateak, zeinetan ehunka pertsona artatu dituen, eta egun arreta ematen die ebakuntza kirurgiko baten, istripu zerebrobaskular baten edo eriondo luze baten ondoren autonomia-galera berreskuragarria duten eta etxera itzuli aurretik zainketa espezifikoak behar dituzten pertsonei.

Solairu berriak 17 leku gehiago ditu, eta mila metro koadrotik gorako azalera, eta horri 140 metro koadroko terraza gehitu zaio.

Haren alde nagusietako bat sukalde terapeutikoa da, eguneroko bizitzako oinarrizko jarduerak tailer espezifikoen bidez lantzeko sortu dena. Izan ere, gaitasun funtzionalak berenganatu eta etxera itzuli nahi duten pertsonentzako funtsezko eremua da.

Solairu berriak lau egonleku handi ere baditu, horietako bat liburutegia izateko sortua. Haietan jarduera terapeutikoak, sozialak eta aisialdikoak egin ahal izango dira.

Espazioen antolamenduak, halaber, terrazara sartzea errazten du; hala, terraza Unitatearen eguneroko bizitzan txertatu da, eta paseatzeko, atseden hartzeko eta aire zabaleko jarduerak egiteko aukerak ugaritzen ditu. Paisaiaren bista ederrak izateak, gainera, kanpoko espazio horren balioa indartzen du.

Unitatea handitu izanak teknologia berriak ere badakartza, hala nola IMQ IgurTEK tresna erabiltzeko tabletak, zentroan egingo diren fisioterapia-saio indibidualizatuen lagungarri.

Errekuperazio Funtzionaleko Unitatea ez ezik, Oruek baliabide hauek ere baditu: egoitza-arreta, erizaintza 24 orduz urteko 365 egunetan, jarduerak egiteko programak, lanbide-terapia, bizitzaren amaierako zaintzak eta erabiltzaileei eta haien familiei laguntzeko hainbat zerbitzu. Zentroak, gainera, badu Bizkaiko Foru Aldundiaren sare barruko bost Egoitza Unitate Soziosanitarioetako bat, 20 leku dituena.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!