Ekain aldean, Garaiko eta Elorrioko herritar talde bat urtero-urtero gerturatzen da Covadongako lakuetara, duela ia 40 urte han hil ziren herrikideak gogoan hartzeko. Aurten ere, omenaldi ekitaldia berretsi dute, eta gogoan izan dituzte 1987ko helikoptero istripuan hildako garaitarrak eta elorriarrak. Eurekin batera, Asturiasko Erreskate Txakurren Taldeko kideek ere parte hartu zuten omenadian.
Han baturikoek gogoratu zutenez, "1987ko ekainaren 7an, Germán Quintana Blanco 13 urteko umea desagertu egin zen eskola txango batean, Ordialesko begiratokira bidean. Une jakin batean, Pozo del Alemán eremua igaro ostean, umeak atseden hartzea erabaki zuen, eta kontaktua galdu zuen taldearekin. Ez zuten gehiago haren berririk izan. Guardia Zibilak, Babes Zibileko kideek, Parke Nazionaleko zaintzaileek eta boluntarioek bilaketa-lanetan ahalegin handiak eta etengabeak egin zituzten arren, ez zuten umea edo haren gorpuzkiak aurkitzerik lortu, eta gaur egun ere desagertuta jarraitzen du. Haren desagerpena Europako Mendiek gordetzen duten misterioetako bat da".