Jakina da saiak animalia sarraskijaleak direla. Hala ere, azken urteetan portaera aldatzen dabiltzala igarrita daude bai abeltzainak eta baita erakundeetako teknikariak ere. Izan ere, geroago eta ohikoagoak dira putreek makal dauden animaliei egindako erasoak. Durangaldean jaso den azken gertaera joan zen asteko barikuan izan zen. Gerediaga auzoko baserri batean ehun sai inguruko talde batek ardi bat eta haren bildotsa hil zituen. Ardien jabea txakurrak zaunka entzun zituenean artaldera hurreratu zen, eta aurkitu zuenak zur eta lur utzi zuen. Sai talde handi bat ardi bati eta haren bildotsari erasotzen zebilen. Egoera horren aurrean, baserritarrak ezin izan zuen ezer egin. "Bildotsa orain egun bi jaio zen eta landara atera genituen beste ardiekin batera. Egoera ezin sinestekoa zen. Saiek gerrirainoko altuera zuten eta ehun inguru izango ziren. Inoiz ere ez zaigu halakorik gertatu", azaldu dute kaltetuek.
2025eko datuak
Bizkaiko Foru Aldundiak zerbitzu bat dauka erasoak gertatzerakoan kasua aztertzeko. Hala, babestutako animalia baten erasoengaitik behiak edo ardiak hilez gero, kalte ordaina eskatzeko aukera dago. Bada, iaz Bizkaian saiek egindako 72 eraso zenbatu zituzten. Horietatik %80 Karrantza inguruan gertatu ziren. Iazko datuen arabera, Durangaldean Elorrion eta Zornotzan gertatu ziren erasoak. 2026an dagoeneko 41 kasu gertatu dira. horietatik 26 Karrantzan, eta gainerako herrien artean Durangaldean: Berrizen, Zornotzan, Mallabian, Mañarian eta Abadiñon.
Iñaki Arrazola Bizkaiko Foru Aldundiko Abelzaintza Zerbitzuko buruak azaldu duenez, azken hamarkadetan handitzen joan diren saien kolonia handi bi daude Bizkaian: "Sai koloniarik handiena Karrantza ingurukoa da. Horren ondoren, Urkiola ingurukoa dugu". Kontuan izan behar da saien eragin eremua 100 kilometro ingurukoa dela.
Arrazolak argitu du putreen portaera-aldaketak hainbat arrazoiri erantzuten diela: "Azken 30 urteotan ganadu kopurua asko jaitsi da. Abelburu gutxiago egonik, mendietan ez dago lehen beste animalia. Gainera, 2000. urtean behi zoroen krisiaren eraginez, hildako animalia guztiak erretzen hasi ziren. Ondorioz, saia topatzen zebilen animaliak gutxitu egin dira".
2026ko datuak
Aurten Bizkaian 41 eraso gertatu dira makalik dauden animalien kontra. Durangaldean bost kasu daude herri hauetan:
- Berriz
- Zornotza
- Mañaria
- Mallabia
- Abadiño
Argazkiak: Gorka Valdes