Barrenetxeak eta Bernaolak txapel bana irabazi dute Euskal Herritik Mundura txapelketan

A. M. 2026ko ekainaren 9a

Euskal Herritik Mundura Ampo txapelketako finalak jokatu dituzte asteburuan. Aingeru Bernaola mañariarrak txapela irabazi du Zumarragako pilotalekuan (Gipuzkoa) jokatutako eskuz binakako finalean, Beñat Azketa beasaindarra lagun; Helena Barrenetxea durangarrak, ostera, Burgun (Araba) jokaturiko banakako zesta-puntako finala irabazi du. 

Emakumezkoen finalean, txapelketako bi pilotari onenak aritu ziren, Helena Barrenetxea eta Ihart Arakistain. Barrenetxeak bi jokotan lortu zuen garaipena, 4-15 eta 11-15 irabazita. Partidaren kontrola hasieratik izan zuen durangarrak, eta berehala 2-10eko aldea ireki zuen markagailuan; atzeko koadroetan pilota nagusitasunez sartu zuen, eta aurrean tantoak eraginkortasunez amaitu zituen; bigarren jokoa lehiatuagoa eta parekatuagoa izan zen. Gizonezkoen binakako finalean, Azketa eta Bernaola Etxeberria eta Elorzi nagusitu zitzaizkien, bi jokotan: 10-4 eta 10-9. Lehenengo jokoa oso borrokatua izan zen, eta Azketak aurreko koadroetan duen esperientzia erabakigarria izan zen. Bigarren jokoa parekatuagoa izan zen, eta tanto luze eta landuak ikusi ziren.

Euskadiko Pilota Federakuntza eta AMPO enpresa dira Euskal Herritik Mundura AMPO txapelketaren anolatzaileak. Txapelketa hori Euskal Pilota Selekzioaren prestaketa prozesuaren barruan kokatu dute, urrian Argentinan jokatuko den Munduko Txapelketari begira. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!