Durangaldeko pentsiodunek kaleak hartuko ditutze osasungintza publikoaren "hondatzea" salatzeko

E.H. 2026ko ekainaren 10a

Iurretako pentsiodunen elkarretaratze bat. IURRETAKO PENTSIODUNAK

Egoera "jasanezina" dela diote, eta osasun sistema "pribatizatzeko ahaleginetan" ibiltzea leporatu diote Eusko Jaurlaritzari, "lankidetza publiko-pribatua moduko eufemismoak" darabiltzalakoan. Ekainaren 19an, barikua, manifestazioa egingo dute Durangon, udaletxeko plazatik hasita, 12:00etan. 

Durangaldeko pentsiodunen mugimendua kalera irtengo da osasun zentroetako zerbitzuen "etengabeko gainbehera" salatzera. Euren berbetan, Eusko Jaurlaritza osasun sistema "pribatizatzeko ahaleginetan" dabil, eta "lankidetza publiko-pribatua moduko eufemismoak" darabiltza, "sistema publikoa desegin bitartean, diru publikoa elite ekonomikoen negozioetara bideratzeko".  Besteak beste, Alberto Martinez osasun sailburuaren esanak kritikatu dituzte, hark "ebakuntzak egitera klinika pribatuetara jotzeko gonbita" egin duelakoan. Pentsiodunen berbetan, "tranpa perfektua" da hori.

Itxaron zerrenda "jasanezinak"

Osasun zentroetako itxaron zerrendak "jasanezinak" direla ere adierazi dute pentsiodunek. Familiako medikuarekin egoteko hitzorduak "10-15 egunetara" ipintzen direla kritikatu dute, eta traumatologia moduko espezialitateetan "2028rako" hitzorduak ematen dabiltzala gaineratu. Horrek guztiak herritarren "bizi-itxaropena arriskuan" ipintzen duela ohartarazi dute.

Egoerari buelta emateko, pentsiodunek hiru eskaera nagusi plazaratu dituzte: "48 orduko epean aurrez aurreko kontsulta izatea" familia-medikuntzan eta pediatrian, "espezialitateetako lehen kontsultak gehienez hiru hilabeteko epean" egitea eta "osasun sistema % 100 publikoa, unibertsala eta doakoa bermatzea". Etor daitezkeen murrizketen aurrean, kaleak hartzen jarraituko dutela iragarri dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!