Datorren domekan, ekainak 7, bederatzigarren aldia beteko du Iraupen Luzeko BIBE Transbizkaia martxa zikloturistak. Iraupen Erdiko proba ere egingo dute. Urtero legez, Durangoko Landako Gunetik abiatu dira, 08:00etan, eta helmuga Urkiolako Santutegian izango dute eguerdi inguruan. Ia 1.000 parte hartzaile batuko dira, aurreko aldietan legez.
Iraupen Luzeko probak 179 kilometroko distantzia du eta 3.500 metroko desnibel positiboa. Ibilbidean zortzi mendate daude: Kanpazar, Ixua, Milloi, Astorkigane, Sollube, Gerekiz, Montecalvo eta Urkiola. Iraupen Erdiko probak, berriz, 122 kilometro ditu, 2.445 metroko desnibel positiboagaz. Ibilbidean sei mendate daude.
BIBE Transbizkaiaren lehen aldia 2016an izan zen. Orduan, iraupen luzeko proba bakarrik egin zuten, 500 parte hartzailegaz. Bigarren aldirako iraupen ertaineko ibilbidea gehitu zuten.