"Udalekuak gazteak euskaraz bizi diren espazio bihurtzeak asko laguntzen du erabileran"

Joseba Derteano 2026ko ekainaren 2a

Berbaroko Laia Gerrikagoitia Rodriguez (Abadiño, 1997) eta Kimuakeko Uxue Esturo Belar (Iurreta, 2006) buru-belarri lanean dabiltza aurtengo udalekuak antolatzen. Udalekuek gazteen arteko hartu-emanak eta euskararen transmisioa bultzatzen dituzten onurak nabarmendu dituzte.

Zeintzuk udaleku izango dituzue aukeran?
Laia Gerrikagoitia: Berbaron udaleku finko bi, beste ibiltari bi eta Durangon egiten den Udan Olgetan udaleku irekia izango ditugu. Azken hau goizetan izango da, 4tik 10 urtera arteko haurrekin. Udaleku finkoei dagokienez, iaz Uitzin eta Mendigorrian egin genituen, eta aurten Uitzin egingo ditugu finko biak, Nafarroan. Elkarren segidan izango dira; txikienentzakoa egingo dugu lehenengo, Errekabarri izenekoa, ekainaren 28tik uztailaren 5era, eta ondoren nagusiagoentzakoa, Harrihandi izenekoa, uztailaren 7tik 18ra. 
Uxue Esturo: Kimuak Aisialdi Elkartean hiru udaleku izango ditugu: finkoa, ibiltari txikia eta ibiltari handia. Finkoa Sarrian izango da, Mungia inguruan, uztailaren 11tik 17ra. 

Zer eskainiko duzue udalekuetan?
L.G: DBH lehen eta bigarren urtekoentzako ibiltari txikian, orain dela urte batzuetako ibilbide bat berreskuratu dugu. Ekainaren 26an Bilbon hasi eta uztailaren 7an Areatzan amaituko da. DBH 3 eta 4koentzako ibiltari handian, Durangotik Lanestosara joango gara. Azken honetan, Laudio inguruetatik eta Enkarterritik ibiliko gara. 
U.E.: Ibiltari txikia Lesakatik Leitzara egingo dugu, uztailaren 1etik 11ra, eta handia Lesakatik Elizondora, ekainaren 29tik uztailaren 11ra. Beraz, bietan Nafarroatik ibiliko gara. Handian Zugarramurdi ingurutik ibiliko gara, eta txikian Leitza eta Doneztebe inguruetatik. 

Izen-ematea beterik duzue.
L.G.: Beterik, bai! Ibiltari bakoitzean 60 ume daude, eta finkoetan 40 bat. Udan Olgetan txandaka egiten dugu eta bakoitzean 65 bat egongo dira. 
U.E.: Kimuaken ere beterik dago izen-ematea. Finkoan 30 inguru izango ditugu. Ibiltari txikian 60 ibiliko dira, eta handian 50. Lehenengo biak 50era mugatuta zeuden, baina eskaera oso handia zen eta ibiltari txikia 60ra igo dugu. 

Zerk asebetetzen zaituzte gehien udalekuak antolatzetik eta hezitzaile izatetik? 
U.E.: Egunak aurrera doazen neurrian umeek batak besteagaz geroago eta hartu-eman estuagoa dutela ikustea asegarria da. Hamar egun intentsoak dira, gauza asko kontuan hartu behar direlako, baina nire kasuan oso egokitzat jotzen dut orokorrean. 
L.G.: Polita da ikustea zelako ilusioa egiten dien ume eta gazteei. Udalekuetan Durangaldeko gazte mordoa batzen da. Asko ikastetxe diferenteetakoak dira eta ez zuten elkar ezagutzen aurretik. Udalekuetan hartu-emana dute sortzen da euren artean. Eta sarritan udalekuen ondoren ere elkarregaz ikusten dituzu, hartu-emana egin dutelako. Horrelako gauzek ardura guztia konpentsatzen dute. 

Estres momentuak ere izango dira… 
L.G.: Niretzat udalekuak hasi aurreko egunak dira momenturik estresagarrienak, prestakuntza egunak. Ardura duzu ea dena ondo antolatuta dagoen, ea dena ondo irtengo den…
U.E.: Bai, preskuntza egunak dira gogorrenak. Denbora asko eskatzen du dena behar den moduan antolatzeko. Gauza asko kontuan hartu behar da. Gero, udalekuetan beti duzu ardura, baina gozatzen ahalegintzen gara. 

Udalekuak euskaraz antolatzen dituzue. Zelako garrantzia dute udalekuek umeen hizkuntza ohiturak bultzatzerako orduan? 
L.G.: Hizkuntza baten inguruan eraikitzen diren hartu-emanek asko laguntzen dute hizkuntza horren erabileran. Udalekuak gazteak euskaraz bizi diren espazio bat izateak asko laguntzen du erabileran. Bere egunerokotasunean euskaraz aritzeko ohiturarik ez duten gazteak udalekuetan euskaraz entzuteak poza ematen du.
U.E.: Hartu-emanak euskaraz izatea asko zaintzen dugu. Lehenengo egunetik azken egunera alde handia ikusten dugu sarritan. Euren artean gaztelaniaz aritzeko ohitura duten kuadrillak euskaraz entzuten ditugu. Eta gurasoek zoriondu egin gaituzte behin baino gehiagotan. Hizkuntza aldaketa hori oso pozgarria da guretzat. Arlo horretan ekinak izateak fruitua ematen duela ikusten dugu. 

Iazko polemiken ondoren, udalekuak arautzen dituen dekretu berriak aldaketa batzuk ekarri ditu. Zelan baloratzen duzue dekretu berria? 
L.G.: Aspaldi berriztu bako dekretua zen eta beharbada beharrezkoa zen eguneratzea. Baina egunerokotasunaren arrazoia iazko gertakariak dira, eta, gure ustez, patxada gutxigaz egin dute. Arrapaladan egin dute, aisialdi taldeak kontuan hartu barik eta dauden errealitateei jaramonik egin barik. Kukulaisi aisialdi taldeen sarea buru-belarri lanean egon da gu informatzen, eta oso eskertuta gaude. Ozaetan topaketa batzuk egin ziren zenbait profesionalegaz berba egiteko, eta informatzeko aukera izan genuen. 

Zeintzuk balio bultzatzen dituzue udalekuetan? 
U.E./L.G.: Natura eta ingurumena, hezkidetza, euskara, elkarlana... Horiek eta gehiago.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!