2024an legez, Durangaldeko neskek osatu dute Ubidestroi mendi lasterketako podiuma bere osotasunean. Soronea Ammma taldeko Larraitz Aragon korrikalari durangarra nagusitu da bertan, merezimendu osoz (3.20.11). Euskalmushing taldeko Oihana Azkorbebeitia abadiñarra sailkatu da bigarren (3.22.52), eta Aiaramendi taldeko Zutoia Odriozola elorriarra hirugarren (3.43.55). Laugarren sailkatua ere Durangaldekoa izan da, Eva Lizarralde iurretarra (3.54.04).
Mendiko lasterketek halako garaipena zor zioten Larraitz Aragoni, batez ere orain dela urte bi Leitzako EH Mendi Erronka proban larri lesionatu eta gero. (Femurreko lepoa hautsi zuen). Sei hilabetean ibili ezinik egon zen. Errekuperazio luze eta nekezaren ondoren, kilometro bertikaletan parte hartzen hasi zen iaz (bigarren geratu zen Euskal Herriko Kopan), eta apurka-apurka indarberritu eta gero lasterketa luzeagoetara salto egin du berriro.
"Istripuaren ondoren, hasieran, ez nekien osasun aldetik berriro mendian ibiliko nintzen, eta lesioaren ondoren korrika egin ahal izatea eta mendian ibili ahal izatea gauza handia da niretzat. Zer esanik ez honelako lasterketa batean txapela irabaztea. Oraindino ezin dut sinetsi", esan du Aragonek helmugako marra igaro eta gero, pozarren eta hunkituta aldi berean.
Bere hurrengo erronka Tolosaldeko 3 Tontorrak dela esan du, taldeka. Aurtengo helburu nagusia horixe dela azpimarratu du.
Mutiletan, Asser Alonso korrikalari atxondarrak esku-eskura izan du podiuma Ubidestroi lasterketan. Laugarren sailkatu da, egundoko proba egin eta gero (2.49.20). Iñigo Guereta korrikalari gasteiztarrak irabazi du proba (2.36.38), Villabonako Hassan Ait Chaou sailkatu da bigarren (2.38.45), eta Iñaki Olano altzoarra hirugarren (2.48.14).
Aurtengoa lasterketaren V. edizioa izan da, eta, urtero legez, korrikalariek 28 kilometroko eta 2.000 metroko desnibel positiboko ibilbidea osatu behar izan dute.