Martitzenean, Solatsuko teileria zaharra bisitatzen ibili ziren Berbalagunak. "Zalantzarik barik, merezi du lekua bisitatzea. Zoragarria da teilagintzaren historia ezagutzea. Azalpenak jaso genituen lehenengo, eta teila tailerra egin genuen ondoren. Pozarren irten ginen handik, errepikatzeko moduko esperientzia izan da", adierazi dute.
Izan ere, Elorrion hiru teileria famatu egon ziren martxan XVIII. eta XIX. mendeetan. Baina industria iraultzagaz batera, teilen industria hori bat-batean hil zen, teilak fabrikatzeko era mekanikoak teileria artisaua ordezkatu zuenean. Solatsu proiektuak hiru teileria horietako bat berreskuratu du duela gutxi. Etxebarriako San Agustinen dago, eta teilaren interpretazio zentroa bisitatu daiteke bertan.
Mendi irteera zapatu honetan
Berbalagunen hurrengo ekintza mendi irteera bat da. Mendilagunak Leungane aldera joango dira zapatu honetan, Alpinoko kideak lagun. Iurretan egin dute irteerarako hitzordua, Maspeko aparkalekuan, 09:00etan. Gero, Landaederran eta Mugarrikolandan gora egingo dute tontorrera iristeko. Beherakoan, marmol harrobitik igaroko dira.
Antolatzaileen esanetan hiru bat orduko ibilbidea izango da, bederatzi kilometro pasatxokoa. Izen emateak 639400786 telefonoan egin daitezke.