Durangaldeko ikastoletan mobilizazioak egin dituzte Hezkuntza Sailari Akordio Laborala bere osotasunean bete dezan exijitzeko

Anboto 2026ko maiatzaren 21a

Kurutziaga (Durango), Andra Mari (Zornotza), Txintxirri (Elorrio) eta Ibaizabal (Durango) ikastoletako langileek ordubeteko lanuzteak egin dituzte Hezkuntza Sailagaz adostutako Akordio Laborala bete dadila eskatzeko. LAB sindikatuak deitutako protestarekin bat egin dute eskualdeko lau ikastolek.

LAB sindikatuak ordu beteko lanuztea egitera deitu ditu Ikastoletako langileak gaurko, "Hezkuntza Sailak LAB sindikatuarekin sinatu zuen Akordio Laborala bere osotasunean bete dezan exijitzeko". Sindikatuak dioenez,  Akordio Laboral horretan bi puntu sinatu ziren ikastolei dagokienez: Alde batetik, 2027rako ikastoletako langile guztien sare publikoko langileekiko, lan-sarien ekiparazioa gauzatzea. "Une honetan kategoria zehatz batzuetan ekiparaziorako bidean altxaketak gertatu badira ere, gaur gaurkoz beste kategoria batzuetan prozesu hori ez da egin". Beste aldetik, Akordio Laboralean 2024rako lan baldintzen homologaziorako azterketa bat egingo zela iragarri zuten. "2026an gaude eta azterketa hori ez da martxan jarri. Ikastoletako langileok mobilizazio dinamika luzea daramate, egoera hau salatzeko eta sinatutakoa bete behar dela aldarrikatzeko".

LABek aurreratu duenez, eskualdeko Ikastoletako langileek bat egin dute deialdiarekin. Horrela, Elorrixoko Txintxirrin, Durangoko Kurutziagan eta Ibaizabalen, eta Zornotzako Andra Marin mobilizazioak egin dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!