Zelaieta auzoa munduko txirrindularirik onenekin beteko da bihar goizean, han hasiko baita Itzulia Womeneko etapa. Irteera 09:30ean izango da, udaletxetik. Handik Ferialekura joango dira, eta Ferialekutik Muntsaratzera, errepide nagusira irten aurretik. Zornotzarainoko ibilbide osoak 138 kilometro ditu. Hirugarren mailako bost mendate igoko dituzte: Trabakua, Milloi, Natxitua, San Pelaio eta Aretxabalgane. Mendateak elkarren segidan kateatu beharrak tropela zatitu dezakete. Zornotzako Nafarroa kalean da amaiera, 13:30 inguruan.
Goi mailako taldeak etorriko dira. "Parte hartze oso ona espero dugu. Jendeari errepide bazterrera irtetzeko deia egiten diogu. Goi mailako txirrindularitzaz gozatzeko aukera paregabea egongo da", adierazi zuen Abadiñon egindako aurkezpenean Alaitz Biritxinaga Itzulia Women lasterketako zuzendariak.
Durangoko Klasikoa
Itzulia Women domekan amaituko da, Donostian, baina talde askok luzatu egingo dute Euskal Herriko egonaldia. Izan ere, Durango-Durango Emakumeen Laboral Kutxa Saria klasikoak munduko txirrindularirik onenetarikoak batuko ditu aurten ere datorren asteko martitzenean.
Lasterketa 15:00etan hasiko da, Ezkurdin. Aurtengo aldian 23 taldek parte hartuko dute eta euretariko batzuk World Tour mailakoak dira. Emakumeen mundu mailako UCI egutegiaren barruko lasterketa da.
Klasikoak 113 kilometroko ibilbidea du. Lehenengo zatian Berriz-Elorrio-Atxondo-Abadiño zirkuitua egingo dute. Guztira, lau bider igaroko dira Miota gainetik. Azkeneko 30 kilometroak ikusgarriak izango dira. Lehenengo, Zaldibarretik Areitio igo eta Berrizera jaitsiko dira. Ondoren, Abadiñotik Garaira eta Goiuriara igoko dira. Eta, erremate modura, ziklistek Iurretatik San Juan Momoitioko aldats gogorrei aurre egingo diete. Lasterketako unerik ikusgarrienak igoera honetan izaten dira beti, %17ra arteko aldatsak daudelako eta handik zuzenean helmugarantz doazelako.
Proban Durangaldeko ziklista bat izango dugu: Eulen Amenabar taldeko Laida Alzola iurretarra.