Ribeira Sacra ezagutzeko bidaia eskualdeko adinekoentzat

E.H. 2026ko maiatzaren 14a

Ourenseko hirigunearen ikuspegia. FERNANDO REDONDO

Besteak beste, Ribadeo, Ourense, Monforte de Lemos, Allariz eta Astorga (Leongo hiria azken hori) inguruak ezagutzeko aukera izango dute, baita Sil ibaiaren haitzartean itsasontzi bidaia egitekoa ere.

Mankomunitateko eta Durangoko Udaleko adinekoen zerbitzuek bidaia kulturala antolatu dute eskualdeko adinekoentzat. Edadetuek Ribeira Sacrako bazterrak (Galizia) ezagutzeko aukera izango dute sei egunez, irailean eta urrian. Besteak beste, Ribadeo, Ourense, Monforte de Lemos, Allariz eta Astorga (Leongo hiria azken hori) inguruak ezagutzeko aukera izango dute, baita Sil ibaiaren haitzartean itsasontzi bidaia egitekoa ere. Halaber, Ribeiro jatorri izendapeneko upategia bisitatuko dute Ribadavian.

Adinekoen zerbitzuek sei eguneko lau txanda antolatu dituzte. Irailaren 28an hasiko da lehenengoa, eta urriaren 9an, 14an, eta 24an izango dira hurrengo irteerak. Bidaian joan gura dutenek maiatzaren 18tik 29ra eman beharko dute izena Durangoko Astarloa egoitzan edo Elkartegian.

Irteeraren prezioa 685 eurokoa izango da pertsonako (logela bikoitzean). Prezio horretan pentsio osoko egonaldia, gidaritza eta aurreikusitako txango eta bisita guztiak daude sartuta. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!