Gerediaga elkarteak German Zorraquin argazkilariaren funtsa bistaratu du bere web atarian. 1.549 aleko argazki bilduma da, 1930eko hamarkadako paisaiak, bizimodua eta monumentuak ageri dituena. Besteak beste, garai hartako gizartea, eguneroko bizimodua, ekitaldi erlijioso eta politikoak, ezkontzak, bataioak eta jaunartzeak daude irudien artean. Era berean, bildumaren zati dira 1936ko estatu kolpearen osteko gerra giroko argazkiak. Izan ere, Otxandioko bonbardaketari buruzko argazki erreportajea egiteko mandatua jaso zuen Zorraquinek, eta urtebete beranduago Durangoko bonbardaketaren ondorioak ere dokumentatu zituen.
Bilbotar durangartua
German Zorraquin Bilboko Begoña auzoan jaio zen 1886an, eta oso gazte hasi zen argazkilaritzan, Mauricio aitarekin, Zazpikaleetako Posta kaleko estudioan. 1909an, Circulo de estudios Vascos argazki lehiaketa irabazi zuen, euskal baserritarren, arrantzaleen eta baserri zaharren erretratu plaken bildumak egiteko. 1913an ezkondu ostean, profesionalki bakarrik aritzea pentsatu zuen, baina Mauricio aitaren lehiakide izan nahi ez eta Durangora etortzea erabaki zuen. 1914an argazki estudio propioa ireki zuen Ermodo kalean, Fabian Areitioren lorategian. Bonbardaketaren eraginez eraikinak kalteak jasan zituenez, Zumalakarregi kalera lekualdatu zen gero, Ezkurdi ondora. Zorraquin erreferentziazko argazkilaria izan zen Durangon.
Gerediaga, ondarea handitzen
Gerediaga elkartea 1980ko hamarkadatik hona dabil eskualdeko argazki artxiboa batzen, sailkatzen eta digitalizatzen. Zorraquinen funtsaren aurretik, Arregi Campo, Karlos Merino, Ignacio Ansorena, Mendiolako Auzo Elkartea eta Alejandro Landaburu bildumako atal bat digitalizatu ditu.
Halaber, Zorrakinen argazki bilduma sareratzearekin batera, funtsei eskainitako atal berria estreinatu du Gerediaga elkarteak webgunean. Orain arte dokumentategiko ale guztien artean (liburuak, aldizkariak, dokumentuak...) bilatu zitezkeen, multzo zehatz batean kokatu barik. Atal berriari esker, argazki funtsetan arakatu gura duten herritarrek errazago egin ahalko dute bilaketa. Artxiboan mota ugaritako argazkiak daude, eskualdeko bizitza, gizartea, ohiturak eta tradizioak islatzen dituztenak, bereziki.