Eskualdeko ikasleek antzezlan bihurtu dituzte gerrako umeen testigantzak

Joseba Derteano 2026ko apirilaren 24a

Iurretako Juan Orobiogoitia institutuko ikasleak. JUAN OROBIOGOITIA

Loraldia Eskola ekimenak bultzatuta, Euskal Herriko hainbat institututako ikasleek oholtzara eramango dute gerra zibileko umeek bizi izandako sufrimendua. Durangaldean Iurretako Juan Orobiogoitia institutuak eta Durangoko Institutuak parte hartu dute proiektuan. Gai eta estetika beraren barruan, ikastetxe bakoitzak ume baten istorioa landu du. Estreinaldia gaur izango da, Barakaldoko Clara Campoamor aretoan, 19:00etan. Durangaldean ere izango da antzezlanak ikusteko aukera: maiatzaren 1ean, 19:00etan, San Agustin kulturgunean. 

Juan Orobiogoitia institutuaren kasuan, obra Pedro Gallastegi zaldibartarraren bizipenetan oinarritzen da; bederatzi urte baino ez zituen sasoi hartan. Gallastegiren eta bere familiaren eguneroko bizimodua islatzen da hasieran, Zaldibar herrian. Erreketeak herrian sartzeagaz batera, familiak Gernikarantz ihes egitea erabaki zuen. Sortzaileek aurreratu dute amaiera tristea duela, garaiko beste istorio askoren antzera.

Bestalde, Durangoko institutuko ikasleek Maria Luisa Ruiz Aranaren bizipenetan oinarritutako antzezlana landu dute. Obrak identitate galdua eta gerraren ondorioz hautsitako familia loturak ditu ardatz; hain zuzen ere, Maria Luisak eta bere familiak gerran galdutako urte biko neba aurkitzeko egindako bilaketa etsia kontatzen du. "Denbora batera, Maria Luisaren nerabezaroan, berak eta familiak administraziora jo zuten arrastoren baten bila, baina sisteman ez zieten kasurik egin. Obrak desesperazio hori kontatzen du", azaldu du institutuko irakasle den Amaia Gorostizak. 

Ikasteko aukera

Izei Irastorza eta Enea Arza Juan Orobiogoitia institutuko 15 urteko ikasleak dira eta antzezlanean parte hartu dute. Irastorzak Pedro Gallastegi zaldibartarraren azalean ipintzeko erronka hartu du, eta antzezlanak gerrako egoera lazgarriak hobeto ulertzeko balio izan diola azaldu du. 

Antzezlanak antzerkia eta dantza uztartzen ditu eta Enea azken horretan aritu da. Istorioagaz "lotura berezia" sentitu duela dio, zaldibartarra delako: "Pedroren moduan Zaldibarkoa naiz, eta antzezlanean aipatzen diren auzo eta izenak ezagunak egiten zaizkit. Honek guzti honek pertsonaietan sartzeko eta jendeak zer sentitu zuen ulertzeko balio izan digu, emozioak lantzeko", azaldu du.

Estreinaldiaren aurrean "apur bat urduri" eta "gogotsu" daudela diote. "Inoiz ez gara egon horrelako eszenatoki batean eta uste dut denok urduri gaudela, baina aldi berean gogo handia daukagu bakoitzak daukaguna erakusteko", esan du Arzak. "Eszenatokian hamar minutu irauten duenak atzetik hilabeteetako lana dauka. Ez da klase orduetan bakarrik landutako zeozer, klase orduetatik kanpora ere ordu batzuk eskaini dizkiogu eta lan hori erakusteko gogoz gaude", gehitu du Irastorzak. 

Durangoren ondoren, Donostian (maiatzak 8), Gasteizen (maiatzak 15) eta Gernikan (maiatzak 22) erakutsiko dute obra. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!