Kubarako bilketa solidarioak Durangaldean

E.H. 2026ko apirilaren 21a

Mugimendu sozialistak elikagaiak, produktu sanitarioak eta kirol materiala batuko ditu Kubara bidaltzeko. Dohaintzak Durangon eta Elorrion egin daitezke bihartik barikura, baina jasoketa egun nagusia zapatuan egingo dute, eskualdeko bost herritan.

Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak eta Ikasle Antolakunde Sozialistak bilketa solidarioa hasi dute Kubarekiko elkartasunez. Ameriketako Estatu Batuen blokeoa tarteko, Kuba muturreko egoeran dagoela gogorarazi dute, eta horrenbestez Durangaldeko elkarteak, negozioak eta norbanakoak deitu dituzte beren aletxo solidarioa ipintzera. Batetik, elikagaiak batuko dituzte: pasta, lekaleak, esne-hautsa, fruitu lehorrak eta tomate frijitua, besteak beste. Bestetik, bitaminak, mineralak eta probiotikoak. Era berean, garbiketa orokorrerako materiala, produktu sanitarioak eta higiene produktuak (erratzak, lanbasak, oihalak, trapuak, pintzak, guraizeak, bisturiak, preserbatiboak, eskularruak, konpresak, tanpoiak eta txizoihalak) batuko dituzte. Azkenik, kirol materialaren atalean, kamisetak, futbolerako zapatilak eta praka motzak batuko dituzte, eta eskola materialari dagokionez, arkatzak, boligrafoak, margoak, errotuladoreak eta koadernoak.

Bilketa puntuak

Apirilaren 22tik 24ra Txintxirri ikastolan, Elorrioko Bigarren Hezkuntzako Institutuan eta Durangoko Institutuan egongo dira bilketa puntuak. Zapatuan, apirilaren 25ean, bilketa egun nagusia izango da. Bost udalerritan ipiniko dituzte jasoketa puntuak:

Durangon

  • 11:00 - 14:00 / 17:00 - 19:00 (Andra Marin)

Zornotzan

  • 11:00 - 14:00 (Udaletxeko plazan)

Abadiñon

  • 11:00 - 14:00 (Zelaietan, Lagun Toki parean)
  • 11:00 - 14:00 (Traña-Matienan, BM supermerkatu parean)
  • 11:00 - 14:00 (Eroskin)

Otxandion

  • 12:00 - 15:00 (Kontseilupean)

Elorrion

  • 10:00 - 13:00 (Plazan eta Eroskin)
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!