"Liztor beltza arazo estruktural bihurtu da Durangaldean, fenomeno puntuala izatetik urrun". Horixe ondorioztatu du, argi eta garbi, Bizkaiko Erlezainen Elkartearen eta Urkiola Landa Garapenerako elkartearen txostenak: espezie inbaditzaileak goranzko joera ageri du eskualdean, eta iaz jo zuen sabaia, baldintza klimatikoen eraginez presentzia "nabarmen" handituta. Ez hori bakarrik. txostenak agertu duenez, liztorra ingurune urbanoetara zabaltzen dabil. Eraikinetan hasi da habiak egiten, eta horrenbestez, gatxago egiten du egoera kudeatzea. Gainera, neurri eraginkorrik hartu ezean, espezie inbaditzaileak gehiago ugaltzen eta hedatzen jarraituko duela ohartarazi dute.
Liztor asiarraren presioa desbedina da herrika, eta boluntario taldeen lanari lotuta dago estuki. Izan ere, liztorrak harrapatzeko taldeak antolatuta dauden herrietan, intsektuak presentzia gutxiago izaten du. "Ondorioz, hedapena geldiarazteko gakoa ez datza soilik dauden habien dentsitatea murriztean, baizik eta tranpen lurralde-estaldura hobetzean eta komunitatearen inplikazioa indartzean. Tokiko koordinazioa eta boluntario-lana funtsezko faktoreak dira espeziearen kontrol eraginkorrago eta iraunkorragoa lortzeko", azaldu dute Bizkaiko Erlezainen Elkarteak eta Urkiola Landa Garapenak. Alde horretatik, domekan, eskertza egin zieten tranpak ipintzen dituzten eskualdeko boluntarioei. Era berean, lanean jarraitzera eta boluntario egitera deitu zuten: "Txostenak argi azpimarratzen du udaberrian erreginak harrapatzea dela estrategiarik eraginkorrena: kentzen den erregina bakoitzak ez du habia bakarra saihesten, baizik eta hurrengo urteetako hamarnaka habi kentzen ditu".